Hiru Haitz Jubilatuen Klubeko egoitza, mustua

Guaixe 2007ko mar. 16a, 00:00
Hiru Haitz jubilatuen elkarteko presidente Jose Angel Galartzak hartu zuen hitza, juntaren izenean mustutako klub berria errealitatea izateko euren laguntza eman duten instituzio eta enpresei eskerrak emateko asmoz. Nafarroako Gobernuak emandako 18.000 euroko laguntza eta Nafarroako Kutxak egindako 6.000 euroko aportazioa eskertu zituen, baina ez zuen ahaztu nahi izan zenbait enpresak egindako ekarpena -Sakana Kooperatiba, Guema, Dinescon, Guicambe, Nasipa, Construcciones Bakaikoa eta Construcciones Belaize- eta bereziki proiektuarekin bat egin duten eta hilero 6 euroko kuota ordaintzen duten 50 bazkideen babesa. Marta Zubikoa gizarte laguntzailearendako ere hitz gozoak izan zituen. Ondoren, Bakaikuko apaiz Fernando Razkinek egoitza bedeinkatu zuen eta klub berria adiskidetasunezko harremanak bulkatzeko lekua izan dadila eskatu zuen. Ekitaldiari amaiera emateko auzate bikaina eskaini zuen elkarteak. 50.000 euroko inbertsioaHiru Haitz jubilatuen elkartea 1992. urtean sortu zen, baina orain arte ez zuen egoitzarik. Mustutako klubak 65 m2 inguru dauzka eta lanak egiteko 50.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. Kontuan hartu behar da lan asko -paretak pikatu, azulejoak jarri eta abar- elkarkideek egin dutela auzolanean, gastuak murriztuz. Emaitzarekin pozik daude, lokal polita geratu baitzaie. Harria eta zura dira nagusi; txoko batean sukaldea dago, eta beste batean barra. Gainontzeko eremuan mahaiak eta aulkiak daude. Egun lau kidek osatzen dute junta: Jose Angel Galarza lehendakariak, Jose Martin LarraƱaga lehendakari ordeak, Pedro Uriz diruzainak eta Jesus Mari Erdozia idazkariak. Kide berriak hartzeko prestElkarteko lanak egin ahal izateko 18.000 euroko diru mailegua eskatu behar izan zuen jubilatuen elkarteak eta juntako aipatu lau kideak dira abal-emaileak. Aipatu mailegua elkarteko 50 bazkideek ordaintzen dute, hilero 6 euroko kuota pagatuz. "Elkartea egin ahal izateko beste herrietan ez bezala hemen kreditua eskatu behar izan genuen, eta elkarkideek kuota pagatu. Akaso honengatik hainbat jubilatu ez dira elkarteko kide egin, baina guk argi utzi nahi dugu elkarte hau ez dela itxia: kide egitea nahi duten guztiendako zabalik dago. Eta hori da gure ilusioa, bazkideak gora egitea" dio juntak. Ildo honetan gogoratu behar da Bakaikuk 337 biztanle dituela eta horietatik 107k (%31,7) 60 urte baino gehiago dauzkatela. Elkartearen mantenu gastuak -argia, ura eta berogailua- udalak hartu ditu bere gain. Otsailean zabaldu zituen bere ateak elkarteak, beharrezko baimenak jaso eta gero, eta ordutik asko dira bertan biltzen direnak, kartetan jolastera, telebista ikustera edo besterik gabe, lagunartean egotera. Behin martxa hartuta, hemendik aurrera hainbat ekitaldi antolatzea du buruan elkarteak.