3.459.778 euroko aurrekontuari oniritzia eman dio Udalak

Guaixe 2007ko martxoaren 16a

Bestalde, Aldapa kaleko saneamendu eta zolatze lanak egiteko 459.000 euro zehaztu ditu Irurtzungo Udalak. Lan horiek aurki emanen dira, baldintzen pleguan jasotzen denez ekainaren 9a baino lehen hasi behar baitira. Aipatu ditugun bi lanak Lau Urteko Planean jasoak daude, eta hortaz, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu, %65ean. Inbertsioen atalean Urbasa kaleko berritze lanak izanen dira hurrengoak. Aurten proiektua egiteko 15.000 euro jaso ditu Udalak. Industrialdea, parkeak eta azoka guneaAurrekontuaren gastu nagusia, nolanahi, Akaborro industri guneko handitze lanen urbanizazioak hartzen du. 704.809 euro jaso dira egitasmo honetarako. Lan hauek Construcciones Luciano Elkarteri eman zitzaizkion, eta orohar, poligonora sartu eta ateratzeko bidea egin eta zirkulazioa errazteko Alcoa parean errotonda egitea dira egin beharrekoak. Juana Mari Martinez alkateak azaldu duenez, lan hauen finantziazioa bertan kokatutako enpresek eginen dute.   Aurrekontuan 54.280 euroko partida jaso da Montico eta Gernika parkeetan hiri altzariak jatzeko. Gernika parkeko jolas parkea osatzeko kolunpioak jarri nahi dira bertan eta Monticon jolas parkea, iturria, bankuak, skateboard gunea eta baranda bat. Aipatu lanak egiteko Udalak %50eko diru laguntza dauka. Bestalde, egun astearteetako azoka hartzen duen gune berria asfaltatzeko -udaletxe eta pilotalekuaren atzean dagoen Larraun kaleko aparkamenduan egiten da azoka, egun- 10.000 euroko partida zehaztu da, eta hilerrian 40 nitxo eta 25 kolunbario egiteko 25.621 euroko erreserba egin da.  Festak eta bestelakoakKultur Kontseilurako 44.195 euro zehaztu dira aurtengo aurrekontuan. Bestalde, Irurtzunen dauden festa, erromeri eta jaietarako 61.060 euro jaso dira aurrekontuan: herriko festetarako 45.600 euro jaso dira, Gabonetako ekitaldietarako 1.900 euro, San Martinetarako 5.000 euro, Trinitateko festetarako 2.200, inauterietarako 2.360 euro eta urtean dauden bi erromerietarako -Ergako Trinitatea eta San Migel- 4.000 euro. Apirilaren 21ean Nafarroako Dantzari Eguna hartuko du Irurtzunek, eta udalak 5.500 euroko laguntza emango dio ekimenari "zita garrantzitsua izango delako eta Irurtzunen dantzarekiko zaletasuna handia delako", alkatearen ustez. Aipatzekoa da ere Irurtzungo web orria egin eta mantentzeko 4.000 euro jaso direla. Igerilekuen erreforma, bertan beheraIaz Irurtzungo Udalak 500.000 euroko partida zehaztu zuen Itxesia igerilekuen erreforma abiatzeko. Diru horrekin bideragarritasun ikerketa egitea zen udalaren asmoa. Igerileku olinpikoa txikitu eta beste bi igerileku zabaltzea zen proposamena, eta aipatu igerilekuak estaltzea, urte guztian erabilgarri izateko. Proiektu guztiaren aurrekontua 2 milioi euro ingurukoa litzateke. Irurtzungo Udalak egitasmoa Nafarroako Gobernura eraman zuen baina Gobernuak ez zion laguntzarik eman, Irurtzungo biztanle kopurua halako lan handi bat egiteko txikia dela argudiatuz eta Lekunberriko eta Arbizuko igerileku estaliak gertu daudela azalduz. Ezezkoaren aurrean Juana Marti Martinez alkateak azaldu du Irurtzungo Udalak ezin duela bere gain halako inbertsio handia hartu, eta egitasmoa alde batera utzi du. Nolanahi ere, etorkizunean Irurtzungo kirol instalazio guztiak zehaztuko dituen plana zehaztearen alde azaldu da alkatea.