Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ildo honetan, eginen den inbertsiorik handiena ondokoa izango da: 0-3 urte bitarteko haurrendako ikastetxea egitea. Egitasmo horretarako 600.000 euroko prebisioa egin du Udalak aurrekontuan. Jakina denez, gaur egun 1 eta 3 urte bitartekoendako haurrendako hezkuntza zerbitzua eskaintzen du Uharte Arakilgo udalak, euskaraz, San Migel eskoletako gune batean. Baina zerbitzu hori zabaldu nahi du Udalak, 0-3 urte bitarteko zerbitzua eskainiz. Gune berria toki berean, eskoletan, jasoko litzateke, baina oraindik ez dago argi lanak noiz aterako diren lizitaziora eta 0-3 gunea noiz izango den errealitatea.
Herri kirol parkea, aldagelak eta bideakUhartek eginen duen beste inbertsio handia igerileku eta futbol zelaiko aldagelak berritzearena izango da. Dagoeneko lanak hasiak ditu Iruñeko Construcciones Maldabia enpresak, eta horretarako 380.000 euro jaso dira aurtengo aurrekontuan. Lanak igerileku denboraldirako despeditu nahi dira. Bestalde, igerilekuetatik gertu, Itxesi inguruan, herri kirolei eskainitako parkea jasoko du Udalak. Gasteizko Lurkoi enpresak eginen ditu lanak, 120.000 euroren truke. Aurtengo aurrekontuan jaso da kopuru hori. Udaletik azaldu dutenez lanak aurki hasiko dira. Nonbait, moduluak eginak ekarriko ditu enpresak eta modulu horiek kokatzea izango da kontua. Lanak San Juanetarako despedituko dituzte. Parkeak kirol zirkuitua izanen du, herri kirol ezberdinetan jarduteko aukera eskainiko duena. Gainera, artzain eta baserri jokoetarako tokia ere prestatuko da. Bi guneak osagarriak izanen dira eta iragartzen diren herri kirol erakustaldiak egiteko balioko dute. Herri kirolak hobeki ezagutzeko programa ere martxan jarriko da.
Bestalde, aurtengo aurrekontuan 120.000 euroko kopurua zehaztu du Uharte Arakilgo udalak, herriko zenbait dermiotako bideak konpontzeko. Tartean daude San Migelgo pistako lanak. Ildo honetan, aipatzekoa da lan hauek aurrera jarraitzen dutela.