Arbizun antolatutako ekitaldi erraldoiaren balorazio positiboa egin dute

Guaixe 2007ko mar. 21a, 00:00
Antolatzaileek adierazi dutenez, ekitaldiaren ardatza "gazteok jasaten dugun zapalkuntza egoera latza kaleratzea" izan zen. UPN, CDN eta PSN jo zituzten egoeraren errudun nagusiak. "Gure eskubideak zapaldu egiten dituzte etengabean. Gure espazio autogestionatuak suntsitzen, prekarietatera kondenatzen, gu kriminalizatzen... gazteoi dagozkigun eskubideak zapuzten, finean. Badakite nafar gazteok, euskal gazteriak, egoera alda dezakeela eta ez daude horretarako prest" azaldu zuten ekitaldian. Gainera, gainontzeko indar politikoak egoeraren aurrean "muzin egiten ikustea ohikoa bihurtu dela" salatu zuten. "Gazteok gure eskubideak errespetatuko dituen aldaketa behar dugu, independentzia garatzeko oztoporik izango ez duen egoera behar dugu" aldarrikatu zuten. Horregatik, antolatu eta borrokatzeko deia luzatu zieten ekitaldian bertaratutako gazteei, eta apirilean antolatuko duten Gazte Martxan parte hartzera gonbidatu zituzten.