Hala Bedi irratiaren aldeko jaialdia antolatu dute

Guaixe 2007ko mar. 23a, 00:00
Hala Bedi irratiaren eta Sakanaren arteko harremana aspaldikoa da, izan ere Altsasuko Garraxi irratiaren bidez, Hala Bediko programazioa emititzen hasi zen Sakanan, duela 8 urte inguru. Azken bi urteetan, uhinen banaketa eta beste faktore batzuk direla medio, Gasteizko irrati librearen programazio alternatiboa ez da Sakanan entzuten. Hala Bedi berriro ere entzuteko baliabide teknikoak behar dira, eta baliabide horiek eskuratu ahal izateko dirua. Diru hori biltzen laguntzeko herritar talde bat lanean hasi da, eta talde hau da, hain zuzen, larunbatean Hala Bedi irratiaren aldeko jaialdia antolatu duena. Larunbateko ekitaldian jasotako dirua egitasmo horretarako bideratuko da. Dianas legales eta DJ doinuakJaialdia 23:30ean hasiko da, Gatillazo taldearen kontzertuarekin. Hain zuzen ere, Evaristo buru duen Aguraingo taldeak bere bigarren lana aurkeztuko du Ziordian, Dianas legales. Aipatu lana Gatillazo diskoaren ondotik heldu da. Gogoratu, taldekideen artean sakandar bat dugula, Tripi lakuntzarra, taldeko bateria. Gatillazo La Polla desagertzean sortu zen. Evaristok letrak sortzen ditu, Tripik bateria jotzen du, Txiki eta Osoron gitarjoleak dira eta Mikelek baxua jotzen du. Taldea La Pollaren jarraipena dela diote askok, akaso kantuak ere laburrak, ironikoak, garratzak eta indartsuak direlako, baina bereziki Evaristoren ukitua eta presentzia hor dagoelako. Hala ere, Gatillazok bide propioa darama. Nolanahi ere, La Polla oraindik ere talde mitikoa denez, Gatillazok bere bi diskoetako kantuak eskaintzeaz gain, La Pollaren baten bat entzutea esperoko dute Ziordira hurbiltzen diren zaleek. Ziurrenik ez dira asebete gabe etxera joango. Gatillazoren emanaldiaren ondoren Hala Bedi irratiaren aldeko jaialdiak segida izango du, bi DJ-k jarriko dituzten doinuei esker. DJ hardcore eta DJ Punk ariko dira jendea ordu txikiak arte girotze lanetan. Esker onaHala Bedi irratiaren aldeko jaialdia antolatu dutenek eskerrak eman nahi dizkiote Gatillazori, ekimenean parte hartu eta bere bigarren lana Ziordian aurkeztu izanagatik. Bestalde, esker ona DJ Hardcore eta DJ Punkiri luzatu nahi diote, ekitaldian laguntzeagatik. Ziordiko Gazte Asanbladak emandako laguntza ere gogo biziz eskertu nahi dute, Ziordiko gazteak izango baitira larunbateko jaialdian lan egingo dutenak. Ekitaldiaren antolatzaileek larunbateko kontzertuan parte hartzeko gonbitea luzatu diote sakandarrei.