Generorik gabeko lanbidea aukeratzeko kanpaina, despedituta

Guaixe 2007ko mar. 29a, 00:00
Altsasuko Udala 2004an hasi zen aipatu kanpaina antolatzen, Cederna-Garalur elkartearen laguntzarekin, eta helburu nagusia DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei aukeratuko duten lanbide eta ikasketen inguruan orientazioa ematea da, gai horren inguruan guraso eta irakasleak sentsibilizatuz. Finean, aukera profesionalak edo ikasketak aukeratzeko orientazioa eskaintzen zaie ikasleei, betiere Sakanako lan-merkatua aztertu eta kontuan hartuz eta genero estereotipoetatik at dauden aukerak aztertuz. MahainguruaAurten Iñigo Aritza ikastolako eta Aralarko Mikel Donea Institutuko DBHko 3. eta 4. mailetako 180 ikaslek parte hartu dute aukera profesionalen eta generoaren inguruko kanpainan. Batetik, hezkidetzan espezialista den Begoña Salasek emandako bi tailer jaso dituzte, eta bestalde, ostiralean lanbide hautaketa eta lan merkatuari buruzko mahai inguruan parte hartu zuten. Azken ekitaldi hori Altsasuko Udaleko Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Unai Hualdek aurkeztu zuen. Hualdek gogoratu zuen kanpainak Sakanako enpleguaren kalitatea hobetu nahi duela, eta azpimarratu zuen gaur egun emakumeek aukeratzen duten lanbidearen artean eta Sakanan dagoen eskariaren artean "dibortzio" nabarmena dagoela. Mahai inguruan hiru profesionalek hartu zuten parte. Delta Consultores enpresako Jose Perezek -300 enpresa nafarrei zerbitzua ematen dien enpresako gerenteak- Nafarroako industria sarea nora doan izan zuen hizpide. Altsasuko Enplegu Zerbitzuko zuzendari Miguel Angel Jorgek Sakanako egoera azaldu zuen. Eta azkenik, Olga Madina diseinatzaile grafikoa autoenpleguaz aritu zen, lan munduan goraka doan lan aukera. Ekitaldia Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze bertsolarien emanaldiarekin despeditu zen. Aipatutakoez gain, gurasoendako tailerrak izan dira kanpaina honen barruan, seme-alaben lanbide aukeraketan inguruan familiaren papera aztertu dutenak.