Altsasuko Aita Barandiaran adinekoen egoitzak 1991. urtean zabaldu zituen ateak. Egoitza publikoa da. Eraikina Nafarroako Gobernuaren jabetza da, baina Patronatu batek du bere gain egoitzaren gestioa eta mantenu gastuak. Altsasuko udal talde politiko guztien ordezkariek osatzen dute Patronatua; nahi izanez gero Nafarroako Gobernuak bere ordezkaria izan zezakeen Patronatuan, baina inoiz ez du izendatu. Hasieratik egoitza mistoa da Aita Barandiaran, eta egun egoitzak eskaintzen dituen 42 tokiak beteta daude -horietako 35 toki kontzertatuak dira-. Egoitzan sartzeko esperoan daudenen itxaron zerrenda luzea da. Altsasuko alkate Asun Fernandez de Garaialde y Lazkanok Nafarroako Gobernuaren "borondate falta" eta "utzikeria" salatu zuen astelehenean, Aita Barandiaran egoitzan dauden akatsak eta gabeziak ez dituelako konpontzen. "Egoitza Gobernuarena da; beraz, hari dagokio egoitzak dituen akatsak konpontzea" azpimarratu zuen alkateak, "eta are gehiago egoitza pribatuetara hainbeste diru bideratzen duela kontuan hartuta" salatu zuen.
Barrutik uneoro zabaldu daitezke ateakAita Barandiaran egoitzako arazo edo gabezi nagusiena ateena da. Uneoro barrutik zabaldu daitezkeen "antipaniko ateak" deritzotenak dauzka zentroak, eta ate hauetan mekanismo berezi bat jartzeko eskaera egiten dute. Alkateak azaldu zuenez, egungo ateekin egoitzako erresidenteak edozein uneetan irten daitezke kalera, horrek dakarren arriskuarekin eta ondotik langileek izan dezaketen errespontsabilitatearekin. Zorionez momentuz ez da ezbehar pertsonalik gertatu. "Aspalditik ari gara gabezi hori konpontzeko eskatzen, baina 2004an enpresa batek soluzioa eman zigun. Sute-alarmari konektatutako elektroiman sistema batek ateak blokeatuta izango lituzke, sua edo bestelako arriskuetan ateak desblokeatuz. Langileak giltza magnetiko batzuekin ateak zabalduko lituzkete". Sistema honek 9.250 euroko gastua zuen 2004an. Aita Barandiaran egoitzako zuzendari Eugenia Martinez de Goñik azaldu zuenez, 2004an bertan Gizarte-Ongizate Departamentuan aurkeztu zuten sistema hori jartzeko eskaria. "Gizarte-Ongizate Departamentutik Gizarte-Ongizate Institutura bideratzen gaituzte, hurrenez hurren, eta ez dugu idatzizko inolako erantzunik jaso".
Egoitzan arazo psikikoak dituzten geroz eta bizilagun gehiago daude, jokabide alterazioak dituztenak eta sarritan ihes egiteko tendentzia dutenak edo besterik gabe desorientatuak daudenak. "Egun oso zaila zaigu bizilagunen segurtasuna bermatzea, ate nagusiaz gain beste bi ate baitaude kalera ematen dutenak, "antipaniko" delako sistemarekin. Errepidez inguratuta gaude, arrisku egoera handia da eta langileak oso kezkatuta gaude kontu honekin" gaineratu zuen Martinez de Goñik.
Guztira, 40.120,45 euroAteen arazoaz gain, Gizarte-Ongizateko teknikari batek beste akats batzuk jaso zituen duela hilabete egindako balorazioan. Ondokoak dira: igogailuak araudi berrira egokitzea; egoitzaren sarrera nagusiko portxean dagoen harri zuriko estaldura konpontzea, hezetasunagatik bertako harritxo batzuk erortzen ari baitira; fatxadako hegoaldeko teilatu-hodiaren konponketa; eta estaldurako hipermeabilizazioa eta hustubidea. Aipatu lanek, ateenak barne, 40.120,45 euroko gastua izanen lukete guztira.
Altsasuko alkateak nabarmendu zuenez Patronatua da egoitzako mantenu gastuez arduratzen dena, baina eraikina Gobernuarena denez, bera da aipatu diren hobekuntzen arduraduna. "Aita Barandiaran ongi funtzionatzen duen egoitza da, egoitza publikoa. Gobernuak egoitza pribatuei hainbeste diru ematea eta bere egoitza propioan aparteko gastua ez dena ez egitea guztiz salagarria da" adierazi zuen.