Sozialistek kritikatu dute

Guaixe 2007ko mar. 29a, 00:00
Altsasuko Alderdi Sozialistak urteurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzea proposatu zuen Kultura Batzordean. Gobernu taldeak -Aralar, Altsasuko Taldea, Ezker Batua eta EA- atzera bota zuen proposamena. Ezker Batuak eta alkatetza taldeak adierazi zuten euren ideologia errepublikarra dela, eta bestalde ekitaldien gastua handia zela uste zuten, diru kopuru hori herrian dauden beste beharretara bideratu ahal dela gaineratuz. Altsasuko Taldeak azaldu zuen "proposamena azken orduan aurkeztu zela, ez dela landu eta ez dela bideragarria". EAk iritzi bera zuen. Alderdi Sozialistak izendapenaren 100 urteurrena ospatu ez izana kritikatu du. Bidalitako prentsa oharrean, "zentzu falta izatea" leporatu dio gobernu taldeari. Sozialistek gaineratzen dute euren proposamena beharrezko denborarekin aurkeztu zutela, eta urteurren ekitaldian "udaletxean oroigarrizko plaka mustutzea, herriari auzatea eskaintzea, plazan herriko bandaren kontzertua antolatzea, eta atzerabegirako erakusketa prestatzea" proposatzen zutela. "Altsasuk izendapen hori duelako proposatzen genuen ekitaldia egitea, izendapen horrek gure herria nobletzen duelako" diote sozialistek. Bestalde, EA edo PNV-ren tradizio errepublikarraz galdera egiten dute "eskuina dira, nazionalista bertsioan", eta Aralar "atzo jaio zela" diote. Sozialistek gaineratzen dute argudio hori ez dela urteurrena ez ospatzeko arrazoi nahikoa. "San Juan, San Pedro edo Gurutzeko Zaindariaren Jaiak ez al ditugu ospatzen? Bagara edo ez gara?" diote. Bide batez, apirilaren 14an ospakizunen bat egitea proposatzen dute.