guaixe.eus

Uharteko tren istripuaren X. urteurrena, larunbatean

  Kirola  Sakana  Uharte Arakil
8 hildako eta 65 zauritu eragin zituen istripua 1997ko martxoaren 31n jazo zen, arratsaldeko 19:43an. Uharte Arakilgo herritarrek istripuaren hotsa entzutean eginahal guztiak egin zituzten zauritakoei laguntzeko. Orduko Guaixeko berriemaileek jakitera eman zutenez, "hasieran anbulantzia gutxi zeudenez, kotxe partikularretan eraman zituzten Iruñera. (...) Arratsalde-gau hori oso gogorra izan zen erreskate lanetan aritu zirenendako. Istripua gertatu eta gero, Iruñetik, Gasteiztik eta Donostiatik anbulantziak ailegatzen hasi ziren. DYA, Gurutze Gorria, Foruzaingoa, suhiltzaileak, Babes Zibileko boluntarioak eta Guardia Zibila jo eta su aritu ziren Uharteko herritarrekin batera zaurituak eta hildakoak trenetik ateratzen". Zauritakoak asko izan ziren, izan ere, Aste Santuko azken eguna izatean, Bartzelonatik zetorren Intercity-a jendez gainezka zegoen. Bidaiarien artean lau sakandar zeuden. Altsasuko Manuela Chaparrok bizitza galdu zuen istripuan, eta berarekin batera zihoazenak -senarra eta Altsasuko bikote bat-zauritu ziren. Istripua gertatu eta gero, hildako guztien aldeko monolitoa jarri zuten Uharteko tren geltokiaren ondoan. Bertan biltzen dira urtero errespontsua otoizteko. 5. urteurrenean 100 lagun inguru bildu ziren monolitoan. Istripua gertatu eta gero berritu zuten segurtasun sistema Uharteko tren istripua gertatu eta gero aldaketak egin ziren trenbide sarean, segurtasun sistema hobetuz. Gaur egun dagoen Iruñea-Altsasu-Gasteiz trenbidea puntako teknologiakoa da segurtasunaren aldetik: trazatua bikaina da, trabesak berritu ziren duela gutxi, azken generazioko seinaleztapena dauka, trenen blokeo sistema dauka, baita trafikoaren kontrol zentralizatua ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak