ELAko ordezkariek elkartasuna adierazi zieten musika eskolako irakasleei

Guaixe 2007ko apirilaren 19a

Altsasuko musika eskolako 13 irakasleak martxoaren bataz geroztik daude greban. Udala eta irakasleak hirutan bildu dira, azkena hilaren bian, baina ez da akordiorik izan. Oporraldiaren ondoren biltzekoak dira berriro. Izan ere, udaletik diote ezin dutela erabakirik hartu gurasoen iritzirik entzun gabe, "hala eskatu baitigute eta eskolaren finantziazio zati handiena gurasoek ordaintzen dituzten matrikulak direlako". Udalak bere jarreraren berri gurasoei jakinarazi die. PrentsaurrekoaHilaren 10ean prentsaurrekoa eman zuten irakasleek ELAko hezkuntza arduradun Juanjo Larrazarekin batera. Prentsa agerraldian azaldu zutenez, "musika eskolako 220 ikasleek kurtsoa gal dezakete berehalako irtenbiderik ematen ez bada". Prentsaurrekoan izan ziren irakasleak negoziazio garaian "udalaren errezeptibitate falta" salatu zuten. Prentsaurrekoan adierazi zutenez udala "luzamendutan dabil etekin elektoralak lortzeko". Orain arte aurrerapausorik eman ez izanaren ardura udaleko gobernu taldeko alderdiei leporatu zieten, baita alkatearen "erabateko utzikeriari eta sentsibilitate faltari" ere. Aldi berean, musika eskolarako azpiegitura berriak eta langileak udalaren plantilan progresiboki sartzea "benetako arazoari heltzen ez dion ke gortina besterik ez da" prentsaurrekoa eman zutenendako. Horrekin batera udalaren ezgaitasunari irtenbidea emateko "gurasoak langileen kontra erabiltzeko udalaren saiakera" salatu zuten. Altsasuko Udalak, bestalde, eskola arautzeko beharra azpimarratu zuen. Hauteskundeetan gaiarekin etekinak ateratzeko asmoa ukatu da udaletik.