Urrezko Aizkolaria

Guaixe 2007ko ekainaren 7a

Sakandarrak hasieratik bukaeraraino ongi demostratu zuen gaur bera dela aizkora munduan onena, eta beste norbaitek txapela lortu nahi badu etxarriarra gainditzeko ederki izerditu beharko duela. Nazabalek hasieratik bukaeraraino menderatu zuen Olasagasti, ez zion itxaropenik utzi, pasa ederra emanez. Lehenengo saioan, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, Nazabalek 41 kolpe behar izan zituen, 10 gehiago igeldotarrak. Bigarren saioan, erlojupekoan, Nazabalek 52 segundo behar izan zituen enborra erdibitzeko; gipuzkoarrak ordea, segundo bat gehiago behar izan zuen.Hirugarren saioan, kana-erdiko bat zutik moztu beharrekoan, Nazabalek alde handiena atera zion Olasagastiri, Florenek 1:58 segundotan erdibitu zuen berea eta Olasagastik berriz, 2:23 segundotan. Laugarrenean, oinbiko bat moztu behar izan zuten aizkolariek, Nazabalek berriro ere erraz gailendu zen eta 3:19ko partziala egin zuen; Olasagastik berriz, 3:48ko partziala. Lan bakarra falta zen lana bukatzeko eta Nazabalek bazekien bere aldea mantentzen bazuen txapela Etxarrira ekarriko zuela, hala gertatu zen. Olasagasti indartsu hasi zen Floren urduri jarri nahian, baina Olasagastik aurrea hartu arren, Nazabal ez zen larritu bazekielako bere lana lasai osatzen bazuen garaipenak ezin zuela ihes eginen, pixkanaka bere erritmoa ezarri zuen Olasagasti beti ere begi-puntuan zuela. Horrela geratu zen eta aldea mantendu ez eze handitu ere egin zuen Etxarriko aizkolariak, azken saio honetan, lau enbor kanaerdiko eta 60 ontzako enbor erdibitu beharrekoan, egindako denbora 15:57 segundokoa izan zen, Olasagastirena 16:38koa. Osotara, Nazabalek lan guztia osatzeko 22:47 behar izan zuen, Olasagastik, 24:32 segundo.Maila nagusiko finalaz gain, beste bi txapel ere jokoan zeuden 23 urtez azpikoan, Rekondo izan zen txapelduna; 18 urtez azpikoan ordea, Atutxa II.ak irabazi zuen. Harrijasotzaileen finalean Izeta aita-semeak izan ziren txapeldunak Urrezko Aizkora bukatu da eta hemendik aurrera txapelketa ofizialek hartuko dute lehentasuna. Herrialde bakoitzak berea izanen du, gero herrialde bakoitzeko sailkatuek Euskal Herrikora pasako dira. Horixe izanen da Nazabalen hurrengo erronka.