Udala Lurralde Antolaketako Planekin kritiko azaldu da

Guaixe 2007ko ekainaren 7a

Altsasuko Udalaren iritziz "LAPek antolamenduan, udalen erabaki gaitasunean eta eskumenen murrizpenean izan dezaketen eraginak zalantzak eta kezka sortzen dute". Altsasuko Udalaren iritziz "tokiko erakunde eta elkarteen ekarpenek garrantzi gehiago izan beharko lukete, LAPek garrantzi handiko gaiak jorratzen baitituzte". Burundako udalak dio "epeak eskasak direla, parte-hartzea oztopatzen dela, baita udal eta gizarte eragileak gaiak sakon ikertzeko aukera ere". Altsasuko Udalak kritikatu egin zuen LAPen alegazio epea "udaran eta udalak trantsizioan daudela planifikatu izana". Horrek "eztabaida sakona mantentzea" eragozten duela argudiatu du udalak. Nafarroan aurrera eramaten ari diren 5 PALak jendaurreko informazio aldian daude, irailaren 15era arte. Egun horretaraino onartuko dira alegazioak. Dokumentazioa Altsasuko udaletxean dago kontsultarako, baita Ingurumen Departamentuan (Iruñeko Armadaren etorbidean), Navarra de Suelo Residencial, SAn (Iruñeko Leire karrika, 20 behea, ezker), Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan (Iruñeko Tutera karrika 20) eta www.potnavarra.com webgunean.