Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Festak egitarau zabalarekin pasa ziren eta ondoren benetako moldaketaren txanda etorri zen. Espazioa egokitzeko ideia lehiaketa egina zuten eta 30 egitasmo ere jaso zituzten. Baina batek berak ere ez zituen guztiz asebetetzen gazteak. Hori dela eta, batetik eta bestetik ideia onak hartu zituzten eta haiekin bakar bat osatu. Hala, espazioa huts handi bat zenak barra, eszenatokia, sukalde-biltegia, komunak eta bi gela ditu orain. Lanak auzolanean egin dituzte gazteek. Jakina, pozik daude egoitza berriarekin. Autogestioaren bidez "aldarrikapenak zabaldu, aisialdi alternatiboa sortu, eztabaidetatik proiektuetara pasatu, errespetuan oinarritutako harremanak bultzatu, beste gaztetxe eta herri mugimenduekin elkarlanean aritzeko" asmoa dute. Sakanako gazte asanblada beteranoetako bat da Etxarrikoa eta bihar mustuko duen gaztetxea izan duen bigarrena da. 1996ko martxoaren 9an Circuloa hartu zuen etxea okupatu zuten gazteek. Proiektu hark teilatua erori zen arte iraun zuen. Mustutze ekitaldiaGazte Asanbladak biharko prestatu duen egitaraua 11:30ean hasiko da. Fale-joliekin, txistulariekin eta trikitilariekin kalejira eginen da. Txalaparta ere izanen da eta plazan gazte zozketa eginen dute. Eguerdian gaztetxetik etxafigua botako dute eta mustutze ekitaldi ofiziala eginen da. Bertsolariak, brindisa eta Etxarriko Gazte Asanbladaren historiaren berri ematen duen bideoa ikusteko aukera izanen da. Hura despeditu eta gero, herri poteoan ibiliko dira, bazkal garaira arte. Gaztetxea jangela bihurtuko da eta bazkal buruan bertsolariak izanen dira. 18:00etan gazteendako jolasak antolatu dituzte. Aldarrikapenerako tartea ere izanen da, Eraso guztien gainetik, gaztetxeak aurrera lelopean manifestazioa eginen da. Egitaraua 22:00etan hasiko den jaialdiarekin despedituko da. Mallacan, Kaotiko, Ene Bada, DJ Aiert eta tinbalak izanen dira.