Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten lehiaketara 145 ekintzaileren 74 egitasmo aurkeztu dira, guztiek ere 6 sari edo 3 akzesitetako bat eskuratzeko gogoz. Akzesit banarekin saritu dituzte Urko Mauduit irurtzundarra eta Amparo Martinez Olea lakuntzarra. RenderizarteUrko Mauduit Elustondok Joseba Salaberrirekin batera aurkeztutako ideiaren izena da Renderizarte. Biek ere software propioa garatu dute merkatuan dauden beste batzuekin alderatuta renderizazio denborak edo render prozesuaren denbora murriztu egiten duena. Bestela esanda, ordenagailu bidez sortutako irudi birtualak lantzeko denbora murrizten du Urkok eta Josebak garatutako ideiak. Gaur egun dauden lan sistemetatik irudi bat behar bezala garatzeko egunak behar izaten dituzte ordenagailuek. Urkok eta Josebak ordenagailu granja bat sortu dute eta 50 ordenagailu helburu berarekin lanean jarri dituzte. Horrela lortzen dute irudi digitalen sorrera denbora murriztea (3 dimentsioetako produkzioetan, bisita birtualetan edo animazio serietan erabilgarria da). Ordenagailu horiek guztiak inbertsio handia eskatzen zietenez, akademia batekoak gauez erabiltzeko alokatzen dituzte. Hala, dirua aurreztea lortzen dute ere bai. Urkok esan digunez "Ikasketak despeditu eta gero enpresa txiki bat sortzeko gogoa genuen. CEINen tutoretzarekin enpresa sortzeko lanean gaude eta haiek eman ziguten lehiaketaren berri eta haiek animatu gintuzten ideia aurkeztera". Haiek gauzak (animazio film laburrak) egiteko erabili dute "ordenagailutegia", baina bestelako bezeroei eskaintzeko asmoa dute. Biek ere negozio ideia horretaz gain beste batzuk ere badituzte buruan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitarioen Egitasmoen Inkubagailuan proiektua garatzeko bulego bat utziko diete. Hori da eskuratu duten saria eta han egitasmoa kudeatzeko bulegoa jarriko dute biek.TelecuidoAmparo Martinez Olearen ideiaren izena da Telecuido eta Sakana aldean 24 orduko asistentzia zerbitzua eskaintzean datza. Etxez-etxeko arreta zerbitzuek eskaintzen dituzten zerbitzuei gehigarriak diren beste batzuk eskaintzeko. Ideia horrengatik Amparok bere proiektua garatu ahal izateko CEINek antolatutako ekintzaileen ikastaroan plaza bat eskuratu du eta han ekintzaile moduan duen gabeziak hobetuko ditu. Amparok bere ideia dagoeneko gauzatu egin du eta enpresa martxan du, Aspedd (Asistencia a Personas Dependientes a Domicilio). Berak esan digunez, "udalek eta mankomunitateek eskaintzen dituzten zerbitzuak batzuetan ez dira nahikoak, edo bakarrik aste barruan eskaintzen dira, zenbait pertsonek ez dituzte eskaintzen baremoetatik kanpo daudelako. Gabezia horiek estali nahi ditugu. Horretarako 24 orduz, urte guztian zerbitzua eskaintzen dugu". Zerbitzuaren helburua, Amparok aitortu digunez, "gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta zaindariei atsedena hartzeko aukera eskaintzea da". Amparok esan digunez sortu berri duen enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira: etxez-etxeko asistentzia (etxeko lanak egitea, erosketak...); errehabilitazioa; laguntza teknikoetan aholkularitza, etxebizitza dependentzia duen pertsona bati egokitzeko; laguntza teknikoen alokairua (aulkiak, oheak...) eta, azkenik, gaixoei ospitalean edo etxean konpainia egitea (familiak atseden hartzeko edo norabait joan beharra badu). Amparok esan digunez, bere enpresaren bidez emakumeendako lana sortu nahi du. Interesa luketenek euskara jakin beharko lukete, autoa izan eta LH-1 ikasketak edo baliokideak eginak izatea. Enpresaren telefonoa 948 576 354 da. Lakuntzarrak aitortu digu sariarekin "oso pozik" dagoela eta "aurrera egiteko indarra" eman diola. Lehiaketaren berri prentsaren bidez jaso zuen, Cederna-Garalurren laguntzaz enpresa sortzeko egitasmoa lantzen ari zenean eta haien laguntzari esker aurkeztea erabaki zuela esan digu.