Haur etorkinendako eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz

Guaixe 2007ko urriaren 9a

HelburuakSakanako Mankomunitatearen ekimen berri horren helburua da "haur etorkinei, aisia eta jolas jarduerak eskaintzea euskaraz, hizkuntzaren oinarrizko ezagupenak modu ludikoan bereganatu ditzaten, eta, bidenabar, Sakana ezagutu dezaten eta elkarbizitzarako baloreak landu ditzaten". Horrekin batera, etorkinen seme-alabei zuzendutako saioek "zenbait haurrek euskara ikasteko orduan, ahozko mailan batez ere, dituzten arazoei aurre egiten laguntzea" dute helburu. Bide batez, eskolaz kanpoko euskarazko ekintza horien bidez haur horiek hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko "jarrera positiboa" izan dezaten lortu nahi da, eta jatorri ezberdineko haurrak dituzten haurren arteko harremanak sustatu.Sakanako Mankomunitateak eskaintza hori egiterakoan kontuan izan du ikasleek interes berezia duten lan eta ekintzen bidez nabarmen aberasten dela edukien, euskararen, irakaskuntza. Beraz, eskolaz kanpoko ekintzek ikasleek ikastetxean jasotzen dutena "aberastu eta osatzen" dute. EkintzakHaur etorkinekin eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz egiteaz arduratuko dena Helena Nabarro hezitzaile arbizuarra izanen da, Kultur Kabia Zerbitzuak SL enpresakoa. Haurrekin garatuko dituen jarduerak honako ezaugarriak izanen dituzte: Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduak izanen dira; parte hartzeko lehentasuna izanen dute Sakanan erroldatutako haur etorkinak edo etorkinen seme-alabak; edozein hizkuntza ereduko haurrek parte hartu dezakete, baina A eredukoek dute lehentasuna; jarduerak adinaren araberako taldeetan eginen dira; ekintzak ikastetxeetan eginen dira eta doakoak izanen dira. ArgibideakHaur etorkinendako eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz A eredua eskaintzen den herrietan eginen da, etorkin gehien biltzen diren herrietan hain zuzen ere., hau da, Irurtzunen (Atakondoa ikastetxe publikoa), Uharte Arakilen (San Migel ikastetxe publikoa), Etxarri Aranatzen (San Donato ikastetxe publikoa eta Andra Mari ikastola), Altsasun (Zelandi ikastetxe publikoa eta Jesusen Bihotza ikastetxe hitzartua) eta Olatzagutian (Domingo Bados ikastetxe publikoan. Ekintza horien inguruko argibideak aipatu ikastetxeetan edo Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan edo 663083736 telefonoan jaso daitezke.Sakanako Mankomunitateak programa hori aurrera eramateko Nafarroako Kutxa fundazioaren laguntza izan du. Fundazioaren Zeuk aukeratzen duzu: zeuk erabakitzen duzu kanpainaren barruan, Sakanako Mankomunitateak 33.000 euroko diru laguntza jaso du ekimen hori aurrera eramateko.