Musean eta briskan trebe

Guaixe 2008ko urtarrilaren 7a

Liga sistemarekin jokatu ziren txapelketak eta festa eder batekin despeditu ziren. Inuzente egunean izan zen hori eta aukera ezin hobea izan zen sariak banatzeko. Musean lehiatu ziren 9 bikoteen artean onenak Alfonso Goñi eta Pedro Elvira izan ziren (txapela eta trofeoa). Haien atzetik sailkatu ziren Jose Madrigal-Migel Angel Senar eta Bautista Senar eta Doroteo Araña bikoteak (trofeo bana). Briska txapelketan, berriz, dozena bat bikote neurtu zen eta final borrokatu baten ondoren irabazleak Mavi Lizarraga eta Begoña Berastegi izan ziren (zapia eta trofeoa). Atzetik sailkatu ziren, Pedro Nazabal-Pedro Arruabarrena eta Moises Goldaracena-Juani Carreras bikoteak (trofeo bana). Parte hartzaile guztiek iratzargailu bana jaso zuten opari gisa. Zuzendaritzako kideak "pozik" daude urtetik urtera gero eta gehiago direlako parte hartzen dutenak. Sari banaketa abenduaren 28ko arratsaldean egin zen, jubilatuen elkartean. Hara hurbildu zirenek berendu ederra dastatzeko aukera izan zuten. Aukeran zegoen: tripakiak (kailuak) batetik eta, kafea eta pastak, bestetik. Arratsalde ederra pasa zuten bildutako guztiek. Guztia antolatzeko Nafarroako Kutxaren babesa izan dute jubilatuek. Baita, Burundesaren, Euskadiko Kutxaren eta Harzabal elkartearen laguntza ere.