Milagros Lopezen gurutze-puntuko lanak, jendaurrean

Guaixe 2008ko otsailaren 7a

Otsailaren 1ean mustu zuen Milagrosek erakusketa. "Lagunak, familia eta tabernako bezeroak hurbildu ziren bertara, eta auzatea prestatu genuen. Urduri nengoen baina erakusketa asko gustatu zitzaiela aitortu zidaten hurbildutakoek. Egun, lasaiago nago erakusketarekin eta oso pozik izaten ari den harrerarekin". Milagros Lopezek erakutsi digu esposizioa. Noiz hasi zinen gurutze puntua egiten?Amak betidanik egiten zituen joste lanak eta txikia nintzela erakutsi zizkidan. Gurutze-puntua, bordatuak... jostorratza gustuko dut. Hainbat urtetan alde batera utzi nituen lan hauek, baina nire amak beti esaten zidan: "Zergatik ez duzu laboreren bat egiten?" Tabernan arratsaldez lasaitasun uneak izaten dira eta gurutze-puntua egiten hasi nintzen, entretenitzeko. 2000. urtean hasi eta ez naiz geratu. Zer da, zaletasuna edo ogibidea?Zaletasuna, dudarik gabe. Nahi dudalako josten dut, nahi dudanean. Nire lanak niretzako egiten ditut eta baita seme-alaba eta senitartekoei oparitzeko. Badakizu, haurrak jaiotzen direnean, norbait ezkontzen denean... koadroren bat oparitzen diet. Orain arte ez dut lan enkargurik jaso, baina dena hitz egitea litzateke. Gurutze-puntua egiteko aldizkarietako eskemak jarraitzen dituzu hala zuk bertan sortzen dituzu eskema horiek?Eskemak jarraitzen ditut. Gurutze-puntuen aldizkari asko erosten ditut eta bertan koadroen eskemak agertzen dira. Horretaz gain, Maribel Mazkiaranek eskemak utzi izan dizkit, Altsasuko gaiak dituztenak eta euskal kulturakoak bereziki. Bestalde, bi ordenagailu programa dauzkat, eta bertan nahi duzun argazkia sartu eta programak berak gurutze-puntua egiteko eskema sortzen dizu. Egin izan dut baten bat. Zein motatako lanak egiten dituzu? Denetatik. Haurrendako propio egindako koadroak, euren izenak eta haurren marrazkitxoak dituztenak; bodegoiak; loreak; animaliak; paisaiak; iratxoak eta maitagarriak, azken hauek oso gustuko ditudanak; futbol taldeen armarriak; euskal gaiak (aizkolariak, Euskal Herriko armarria, Gernika...); Altsasuko gaiak (momotxorroa, Altsasuko plaza intxaurrondo zaharrarekin...) eta abar. Niri maitagarri baten koadroa gustatzen zait gehien, "carboncillo" delakoan egindako koadro bat dirudiena. Maitasun berezia diot. Indiako Taj Mahalaren koadroa ikusgarria da, uretan eraikuntzaren isla eta guzti...Bai, hasieran konplikatua izan zen isla hori egitea, hariak nahastu behar baitziren. Baina ongi geratu da. Zenbat lan egin dituzu orain arte?Mantelak, baberoak, tapeteak eta halakoak kontuan hartu gabe 68 koadro. Orain Altsasuko armarria egin nahi dut.Egunero josten al duzu?Aisialdietan josten dut, ia egunero. Lan bat hasten zarenean engantxatu egiten zara eta bukatu arte hor zabiltza, jo ta fuego!Nola sortu zaizu egindako lanekin erakusketa antolatzeko ideia?Tabernako bezero bati otu zitzaion. Esan zidan: "Kultur etxekoekin hitzordua jarri dut zure lanekin erakusketa antolatzeko, hain dira politak!". Duela bi urte izan zen hau, eta azkenean gauzatu da. Erakusketak sakabanatuta nituen lanak batzeko aukera eman dit, izan ere nire senitartekoen artean banatuta daude batzuk, horien artean Malagan zegoen bat. Erakusketarako propio bidali dute lana. Lanak bezain inportanteak dira markoak?Jakina, marko polit batek beti nabarmenduko du gehiago egindako lana. Gaur egun material eta kolore oso politak daude eta gauza ederrak egin daitezke. Zer nolako harrera izan du erakusketak? Badirudi gustukoa izaten ari dela. Jendea harritu egiten da lan horiek pertsona batek egin dituela ikustean, horrenbeste lan ordu baitaude atzean! Ni oso pozik nago erakusketarekin eta bereziki pozten nau lan guztiak batera ikusi izanak. Senarra eta seme-alabak ere oso kontentu daude. Lanak salgai ditudan komentatzen didate askok. Momentuz ez da nire asmoa, baina ez ditut ateak ixten. Dena den, zein prezio dauka horrenbeste ordutan egiten duzun lan batek? Zaila da esatea. Jostea zaletasun garestia da?Bai. Tela, hariak, markoak... oso garestia da, baina gustuko baduzu...Egia al da estresari aurre egiteko erremedio bikaina dela gurutze-puntua?Bai, ni asko erlaxatzen nau. Badirudi geroz eta gutxiago josten dela. Jostea gomendatuko zenuke?Nik uste dut etxeetan asko josten dela, dendetan eta jende asko ikusten baita hariak eta beste erosten. Baina arlo pribatuan geratzen da hori, ez da kalera ateratzen. Jende guztia animatuko nuke jostera, bereziki gizonak, asko laguntzen baitu erlaxatzen. Tokia: Iortia Kultur Guneko erakusketa aretoaOrdutegia: asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta igandetan 18:30etik 20:30eraData: otsailaren 24ra arte