Mostolesek ordaindu zuen MRAren oldarraldia

Guaixe 2008ko otsailaren 3a

19. jardunaldia: MRA Navarra 12 - Mostoles 3 MRA Navarrakoek sailkapen nagusiko azkena eta azkenaurrekoaren kontra galdutako partiduak buruan zituela hartu zuten Mostoles etxean. Talde handia da Madrilekoena, Irurtzungoendako arerio zuzena, 3 puntura baino ez dago eta. Baina ostiralean ez zuten ezer erakusteko aukerarik eduki, Irurtzungoen oldarraldia ordaindu zuten.Erritmo biziarekin hasi zen norgehiagoka. 2. minutuan abisua eman zuen Robertek, goiko zutoinera bidali zuen baloiarekin, eta minutu bakar bat geroago iritsi zen gola, Lukuianen eskutik. Mostoles taldeak erasoari ekin zion. Baina MRAk bikain erantzun zien, defentsan behar bezala eta kontraerasoan bizkor. Bide horretatik sartu zuen Dêk bigarren gola. Atsedenaldia gertu zela, Lukuianek 3. gola sartu zuen. Hala ere, ez zen hori izan lehen zatiko azken jokaldia: 15 minuturen faltan, Mostolesek aldea txikitu zuen, Borjaren 3-1ekoarekin. Aurreko jardunaldietako hutsak konponduz, indartsu eta kontzentratuta atera ziren kantxara Imanol Arregiren mutilak. Jarrera horrek emaitza izan zuen: Lukuianen ostikada bortitzak 4. gola igo zuen markagailura. Jarraian, Ortiz eta Charlyren golak etorri ziren. Norgehiagoka amaitzeko 10 minutu falta zirela, 6-1ekoa agertzen zen markagailuan. Emaitza ikusita, Mostoleseko entrenatzaileak Clemilton jokalari-atezain moduan jartzea erabaki zuen. Erabaki horrek bere taldea ezerezen utzi zuen, Irurtzungoek beste 6 gol sartu zizkieten 10 minututan. Azkenean, markagailuan 12-3.Primeran aritu ziren etxekoak. Lukuian izan zen eguneko izarra, bost gol sartuta. Ohorezko ligako pitxitxi berria da marka horri esker. Ortizek eta Charlyk ere partida ona jokatu zuten eta gol festan lagundu zuten. Taldeko gazteen lana ere azpimarragarria izan zen: Iraitzek bikain zaindu zuen atea eta Roberto Martil ere primeran aritu zen. Bereak izan ziren bi gol pase eta azkeneko gola. Ametsetako debuta izan zuen Irurtzungoak Unibertsitateko pabiloian.Ostiralean jokoan erakutsitako jarrerak 3. postura itzuli ditu Irurtzungoak eta, batez ere, azken jardunaldietan galdutako konfiantza itzuli die. Beharrezkoa izanen dute konfiantza eta jarrera baikor hori aste honetan, bi norgehiagoka dituzte eta. Bihar izanen da horietan lehena, 23 punturekin 11. tokian den Caja Segoviaren aurka. Asteko bigarren norgehiagoka ez da nolanahikoa izanen, liderra hartuko baitu etxean.