Olazabalekin ere, historia errepikatu da

Guaixe 2008ko otsailaren 4a

Eugi ongi-eza dagoenez, bikote berria egokitu zitzaion, berriz ere, Lasari. Olazabal gaztea izan zuen ostiralean bikote. Profesionaletarako saltoa eman berri duen gaztea, eman dioten aukera baliatzen saiatu zen. Hasiera ona eman zion norgehiagokari, uste baino ausartago errematatzen eta sakean fin. Bide horretatik, tarte polita lortu zuen lehen tantoetan, 6-0ekoa. Olaizola irabaztera atera zen ordea, arriskatzen hasi zen. Hala ere, gazteak ongi erantzuten jarraitu zuen 7-11koraino. Aresoko aurrelariak gustuko pilota atera zuen orduan, eta agintzen hasi zen. Honekin, jaun eta jabe, hamabost tanto jarraian egin zituzten gorriek, 22-11raino. Olazabal, berriz, pilota astunarekin ezinean aritu zen. Lasa III.ak lan txukuna egin zuen defentsan. Atzera eta aurrera, eduki zuen nahiko lan. Baina, hala ere, puntu bakarrik gabe jarraitzen du. Etxarriarrak eta bere bikoteak ez dute zer eginik txapelketan. Badirudi hemendik aurrera beste bikoteei kanporaketa gainditzeko oztopoak jartzea izanen dela beraien papera. Larunbatean izanen dute hurrengo norgehiagoka, Iruñean, txapelketa txukuna egiten ari diren Bengoetxea VI.a eta Patxi Ruizen aurka. Berriz ere, Mikel Olazabal gaztea izanen du lagun Lasa III.ak.