Hiru urrezko domina Hodei Mazkiaranendako

Guaixe 2008ko otsailaren 5a

Pistako txirrindularitzako Espainiako txapelketa ez zen ongi hasi Hodei Mazkiaranendako. Epaileen erabakiz ezin izan zen taldekako abiadura proban lehiatu. Hala ere, berehala eman zion buelta berri txarrari eta sekulako erakustaldia emanda, hiru urrezko dominekin amaitu zuen txapelketa.Reyno de Navarrarekin ezin lehiatu Altsasuko txirrindularia Pekingo olinpiadak buruan zituela joan zen Palma de Mallorcara. Txapelketan bertan emaitza onak ateratzeari baino garrantzi handiagoa eman zion UCI puntuak lortzeari eta, horregatik, 23 urtez beherakoekin aritu ordez, elite mailan parte hartzea zen bere asmoa. Gainera, taldekako abiadura proba Reyno de Navarra taldearekin egin nahi izan zuen, Nafarroako selekzioarekin baino aukera handiagoak izanen zituelakoan. Taldeko entrenatzaile Hector Roldanen esanetan, "Espainiako selekzioak egin zuen eskaera hori, Reyno de Navarra taldean UCI puntuak behar dituzten txirrindulariak daude eta (Alonso eta Hodei Mazkiaran bera). Beste erkidegoetako selekzioak jakinaren gainean zeuden eta beraien oniritzia zuten". Hala ere, txapelketara iristearekin batera jakin zuten Kataluniako selekzioak Nafarroako taldea salatu zuela, probintziakoak ez ziren txirrindulariekin arituko zelako. Epaileek arrazoia eman zieten kataluniarrei eta Hodei Mazkiaran eta lagunak taldekako abiadura proban lehiatzeko aukerarik gabe geratu ziren. Erabaki horrek Pekinera joateko ongi etorriko litzaizkioken UCI punturik gabe utzi zuen Espainiako selekzioa.23 urtez beherakoekin Txapelketaren hasiera horrek Mazkiaranen hasiera bateko asmoak aldatu zituen. UCI punturik eskuratuko ez bazuen, ez zuen zentzurik elite mailan aritzeak. Helburua aldatu zuen eta 23 urtez beherakoen artean lehiatu zen ahalik eta domina gehien eskuratzeko helburuarekin. Eta ezin emaitza hoberik lortu. 19 urterekin, Hodei Mazkiaran izan zen gizonezkoen artean nabarmendu zena: 3 urrezko domina lortu zituen Altsasuko txirrindulariak, abiadura proban, kilometroan eta keirin diziplinetan. Pozik zegoen Altsasuko txirrindularia txapelketa irabazteaz gain, denbora onak egin dituelako, kilometroan bereziki, 2.ari 3 segundoko aldea atera baitzion.Altsasuarrarenak izan ziren nafarren dominen erdiak. Azpimarratzekoa da Euskal Herrian dagoen maila, jokoan zeuden urrezko 21 dominetatik hamar hona etorri ziren eta.Atsedenik gabe Altsasuarrak ez du atsedenik hartuko. Palman jarraitzen du Espainiako selekzioarekin kontzentratuta. Otsailaren 15ean munduko kopako laugarren proba jokatuko da Ballerupen (Danimarka) eta martxo bukaeran, 26tik 30era, Munduko Txapelketa Manchesterren (Ingalaterra). Olinpiadak ere ezin ditu burutik kendu. Altsasuko txirrindulariak onartzen du joko olinpikoetarako txartela lortzea zaila duela oso, baina, hala ere, oraindik baditu esperantzak. Horretarako datorren aste hauetan marka onak egiten eta ahalik eta puntu gehien lortzen saiatuko da.