Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kultura zinegotzi Sergio Gastaminzak esan digunez, "bere garaian ez zitzaion errekonozimendurik egin. Niri eta beste hainbati zerbait egin behar zitzaiola iruditzen zitzaigun, bere ibilbideagatik, zerbitzuagatik eta musikarako dedikazioagatik". Udalak Haize Berriak Bandarekin kontzertua hitzartuta zuela baliatuz, omenaldia prestatzea bururatu zitzaion zinegotziari. Ideia hori eta partitura bat enkargatzearena kultura batzordera eraman eta aurrera egin zuen ekimenak. Gainontzekoa Carlos Etxeberria Alonso konposatzailearen lana izan da. Omenaldia eta gero beste banda batzuk jo dezaten partitura zabaltzeko asmoa du udalak. Olatzagutiako xuxurlak - Jose Luis Ollo Olangua in memorian- Izenburu hori eman dio Carlos Etxeberria Alonso konposatzaileak Jose Luisen omenez konposatu duen partiturari. Carlosek 5 mugimendutan banatzen den herriko dermioan barnako ibilbidea proposatzen digu bihar mustuko den lanean. Lehenik Orna aldera eramanen gaitu, lehen laborantza biltzen zuen inguru emankor eta zelaira. Lasaitasunetik mendi handiak babestuta izatearen sentsazioa emanen digu musikak. Bigarren mugimenduan, Koskobilo haitzarekin eginen dugu topo, arin-arin airearekin. Arin, berebiziko eta zaindari, herriko jarduerak goitik begiratzen ditu. Alduia (Aldoiar) aldean ibai ertzean baratze emankorrak daude. Ezpatadantza moduko erritmo batek irudimena hara eramaten saiatuko da 3. mugimendu honetan. Batuekon, Ziordiko mugan, San Juan gauetik gertuen dagoen larunbatean erromeria egiten da. Kalejira baten bidez irudikatu nahi izan du egileak koadrilen alaitasuna eta ohiturekiko lotura.Obraren azken mugimenduak, Larratxotak, Jose Luis musika irakasle hartu zuen espazioa irudikatzen du. Olaztiarraren musikarekiko eta herriarekiko pasioa zortziko baten bidez adierazten da, zeinetan instrumentuek eta ahotsek bat egiten duten. Jose Luisen ikasle izandako Mikel Goñik sortu ditu letrak. Kontzertu-omenaldiaEmanaldia J. Vicent Egeak konposatutako Variaciones Agur Jaunak piezarekin hasiko da. Konposatzaileak Haize Berriak Sakanako Musika Elkartearen eskariz konposatu zuen pieza hori Esther Irisarri omentzeko. Agur Jaunak doinu klasikoa beste erritmo batzuekin garatu zuen konposatzaileak. Ondoren Carlos Etxeberria Alonsok propio idatzitako konposizioaren txanda izanen da. Bigarren zatia zabaltzeko Jose Luis Ollok berak moldatu eta instrumentazioa egin zuen Olaztiko Zortzikoa joko dute Haize Berriak Bandak eta La Cigarra txarangak. Herriko ihotea ikertzearekin batera berreskuratu zuen pieza Jose Luisek. Horren ondoren, bandak Jose Francok idatzitako Aires Vascos nº 2 pieza emanen du bandak, Jose Luisek instrumentatu zuena. Bere baitan Ezpata-dantza, Ezkongaietan, Haurtxo txikia, Maritxu, eta Alpargata urratuak doinuak biltzen ditu bere baitan, hainbat moldaketarekin, jakina. Kontzertu-omenaldia Zeruko deia lanarekin despedituko da. Luis Aranbururen musika, Pedro Anituaren letra eta Jose Luis Olloren instrumentazioa du azken triptiko musikalak; Alborada, Zortzikoa eta Biribilketan banatuta dagoena. BiografiaJose Luis Ollo Olangua 1934ko agorrilaren 20an jaio zen, Iruñean. Bera txikia zela, orduko Olaztiko alkate Benito Salinasek eskatuta Jose Luisen familiak Mendigorria utzi eta Burunda aldera etorri zen. Jose Luisen aitaren, Joseren, egitekoa udaleko administrazio lanak eta musika klaseak ematea izanen zen. Gerora Udal Musika Bandako zuzendaria ere izanen zen Jose eta kargu horretan Jose Luisek lekukoa hartu zion. Jose Luis Olatzagutiara 6 anai-arrebekin etorri zen eta herrian egin zituen aurreneko ikasketak. 1939an bere anaia Jesus hil zen 10 urte zituela eta urte berean Antzuolako Maristen eskolan sartu zen. 5 urteko ikasketa erlijiosoak eta anaien afektuak betirako markatuko zuten. 14 urte zituela ama, Faustina Olangua, hil egin zen eta 3 urte geroago aita. Urte berean, 1951an, Iruñeko Musika Banda Militarrean boluntario sartu zen. 3 urtez eginen zuen soldaduska bandan. Soldaduska egin eta gero Cementos Portland, Serrerias Echavarri, baldosa lantegia eta beste hainbatetan aritu zen lanean. Lan horiekin batera musika eskolekin batera egiten zituen. Zenbait olaztiar belaunaldiren irakasle izan zen. 1958an udal langile postua lortu zuen eta han jubilatu arte aritu zen. 1959an Gregoria Granados eta Jose Luis Ollo ezkondu egin ziren. Sei seme-alaba izanen zituzten. Musikarekiko lotura ez du bazterrean utziko. Erakusteaz gain, hainbat dantza talde ere sortuko ditu (Miramar, Clinker club...). Bestalde, Silvestre Peñasekin armonia ikasketak eginen ditu. Elizako abesbatzan eta organo-jole gisa ere ariko da. 1962an Saragayarte rondalla sortu zuen. 70ko hamarkadan Conchita Peñasekin batera gregoriar musikari buruzko lan parte hartu zuen. 1990. urtera arte, gutxi gorabehera, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko eta Pascual Aldabe konposatzailearen kopista lana eginen du. Horrekin batera zurezko haize-instrumentu irakasle izateko ikasketak egin zituen kontserbatorioan. Urte horretan Olatzagutiako musika eskolan sartu zen. Konposizio lanak egitearekin batera, abesbatza eta herri doinuen instrumentazioak egin zituen. Hainbat abeslariren laguntzailea izan zen, tartean Iñaki Fresan baritonoa. Kopista gisa moldaketa asko egin zituen. 90ko hamarkadan Altsasuko kaputxinoetan organoa jo zuen. Jose Luis Ollo Olangua 2004ko abenduaren 20an hil zen Nafarroako Ospitalean.