Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Union Ciclista Navarra taldeak 47. Nafarroako Itzulia-Nafarroako Kutxa Sari Nagusia antolatu du. Txirrindulari afizionatuen proba garrantzitsu hau gaur abiatuko da Pitillasetik eta ekainaren 1ean despedituko da Iruñean. Aurten proba oso gertutik jarraitzeko aukera izango dugu, osteguneko etapa Altsasun despedituko delako eta ostiralean, maiatzaren 30ean, Altsasutik abiatuko delako tropela.Nafarroako Itzulia UCI Europa Tourreko egutegian sartua dago. 16 talde lehiatuko dira, tartean Sakanako Rural Kutxa eta Euskal Herriko egutegian ibiltzen diren ohiko taldeak. Estatuko eta atzerriko talderik ere egonen da, itzuliaren ospe onaren adierazgarri. Guztiek ahal dutena emango dute lasterketa prestigiotsu hau irabazteko asmoz.Rural Kutxatik Miguel Otxoa, Hector Espasandin, Ruben Martinez, Pablo Torres, Arturo Ariño, Alex Fábregas eta Xabier Zabalo olaztiarra joanen dira.Gaur, erlojuz kontrakoa 16 kilometroko erlojupekoak emanen dio hasiera itzuliari. Taldeak arduratuta daude lehen eguneko etapa honekin, jakin baitakite bertan ateratako aldeak erabakigarria izan daitekeela onerako eta txarrerako.Erlojuperako material berezia edukitzearen garrantzia azpimarratu du Rural Kutxako zuzendari Francisco Jimenezek: "Garrantzitsua da material egokia edukitzea. Kilometroko 5 segundoko aldea horren baitan egon daiteke. 40 segundo galduta ere, ez da erraza gero denbora hori errekuperatzea. Erabakigarria izan daiteke". Antolakuntzak galdutako denbora erreala markatuko du, beti ere 3 minutuko gehienezko aldearekin.Ez dira honekin amaitu eguneko lanak. Arratsaldean Pitillas eta Tutera arteko 113 kilometroko etapa dute. Tartean, itzuliko lehen portua gainditu beharko dute, Artaxoako gaina, 3. mailakoa.