Irañeta XIBAko final handian izanen da

Guaixe 2008ko maiatzaren 27a

Larunbatean Ikastolen Elkarteak antolatutako Euskal Herrien Arteko X. XIBA Joko Jaialdien Nafarroa Garaiko kanporaketa jokatu zen Leitzan. Bost talde lehiatu ziren: Nafarroako Ikastoletako irakasleak, Goizueta, Leitza, Irañeta eta Uharte Arakil. Talde bakoitzak 12 partaide zituen, 6 neska eta 6 mutil, eta ondoko probak osatu behar izan zituzten: xiba, harri jasotzea, dantza, lastoa, ingudea, koxkolak, txingak, birlak, zakua, trontza, toka, sokatira, giza proba eta musa. Kanporaketa Leitzako udal plazan jokatu zen, goizean, primerako giroan. Izan ere Kultur Astea bete-betean ospatzen zen Leitzan, eta Xibako jaialdia bertan txertatu zenez, primeran pasa zuten denek.Irabazlea Leitzako taldea izan zen, 129 punturekin. Irañeta bigarren sailkatu zen, 124 punturekin. Hirugarrenak Nafarroako Ikastoletako irakasleak izan ziren, 110 punturekin, eta laugarrenak Goizuetarrak, 104 punturekin. Uharte Arakilgo taldea bosgarrena izan zen, 102 punturekin. Ondoren 170 pertsona inguru bildu ziren Leitzan prestatutako zikiro goxoa dastatzera, eta jai giroa ordu txikiak arte luzatu zen.Xibako final handia ekainaren 28an jokatuko da, Euskal Herria Zuzenean jaialdia hartzen duen Mauleko Irauzemendin. Finalerako txartela herrialdeka jokatutako kanporaketetan aurreneko tokietan sailkatutako taldeek lortuko dute, 20-22 taldek guztira. Nafarroari dagokionez, Leitzako jaialdian sailkatutako lehen hiru taldeak lortu dute finalean egotea: Leitzak, Irañetak eta Nafarroako Ikastoletako irakasleak. Tamalez Uharte Arakil kanpoan geratu da.