Joan zen astean Euskaltzaindiak Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpenaz EHUn egindako analisia-liburua aurkeztu zuen. "Leturia..." argitaratu zeneko 50. urteurrena ospatuz, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" omendu nahi izan zuten eta berak idatziriko nobelak ekarri zuen berriztapena eta gizartean eragin zuen oihartzuna hartu zituen hausnarketa kritikoa ere. Nobela honek euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri baitzuen: euskal narratiba modernoaren hasiera izan baitzen.Argitaratu zen garaian, aldiz, guztiek ez zioten harrera onik egin, eta, adibidez, Iñaki Bastarrikak 1958an, besteak beste, Txillardegiri leporatu zion "Euskalerriko gaiak" ez ukitzea, izan ere, Euskalerriko bizieran edo kondairan badira, noski, idazki mamitsu asko. Euskeraz idazteko "emengo" zerbaitez egin bear da"Txillardegik honelaxe erantzun zion: "Baña, zer da "emen"? ... izkuntza dena, lamiñen ipuinak, basojauna, baserria, korrika apostuak, aitonen semeen istorioak eta abar... Euskalerriko tipismoarena baizik...Gaurko gaztediaren katramillez mintzatzen da nere Leturia, baiñan euskeraz. Leturia, nik inguruan ikusi uste dudanaren irudia ain zuzen. Presuna unibersala da Leturia; bere mintzaira, guziarekin ere, gure izkuntza....Egiazko bizian sartu bear dugu euskal literatura."Benetan nobela garrantzitsu eta berritzailea izan da euskal literaturan. Ordura arte, literaturako eszenategi nagusia baserri ingurua zen, eta autore honek hirira mugitu zuen. Bestalde, narratzailea lehenengo pertsonan agertzen den lehenengo aldiz gurean, gaia bera ere: "existentzialista horietakoa ", Mitxelenak berak kalifikatu bezala.Leturiak, pertsona bakarti eta gogoetatsua, bere gorabehera filosofiko guztiak lau ataletan, atal bat urtaro bakoitzeko, banatua dagoen bere egunkari ezkutu, gorde, intimoan idazten ditu.Testuak ez dauka akziorik, ez dago gertakizunik, apenas elkarrizketarik ere. Honek, beharbada, atzera botako du baten bat, baina ez desanimatu, irakurle, merezi duen liburua da eta.Euskarari dagokionez, gipuzkeraz agertu zen "Euskara batzeko beharraz ongi jabeturik egonda ere, Euskara Batu-rik ez zegoen 1956an. Euskaraz izkiriatzea bera aski zen garai hartan" dio Txillardegik. Irakurle berriari atentzioa emango dio ortografia arautu gabeak, beharbada, baina idazlearen aberastasunak hori eta gehiago konpentsatzen du eta."Leturia giro hartako lekukoa da, eta, sinetsi nahi nuke, euskal literaturaren berrikuntzan urrats txiki bat bederen ematen lagundu nuela". (Txillardegi, 1977)Izaskun Etxeberria