Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi eguneko lanak egin ondoren, afizionatu mailako Nafarroako Itzulia Sakanan sartuko da gaur, arratsaldeko lehen orduan. Txirrindulariek bi egun eginen dituzte Burunda, Aranatz eta Arakilen barna.Sakanako portuetara iristerako, itzuliko etapa luzeena izan zuten atzo txirrindulariek, 155,5 kilometrokoa, Tutera eta San Adrian artekoa. Aurreko egunean bezala, tropel nagusiak helmugara iritsi aurretik harrapatu zituen iheslariak eta esprintean amaitu zen etapa. Euripean blai, Burgos Monumental taldeko Sobrino asturiarra izan zen irabazlea. Bi sakandarrak 33 segundora iritsi ziren: 70.a izan zen Rural Kutxako Xabier Zabalo eta 82.a Bidelan-Kirolgiko Patxi Mundiñano.Sailkapen nagusiaren gorenean jarraitzen du Orbeako Daniel Sesmak. 69.a da Patxi Mundiñano, 1:69ra eta 89.a Xabier Zabalo, 2:50era.Urbasako portutik Sakanara 15:15 aldera emanen diote gaurko etapari, 3.ari, hasiera San Adrianen. 17:25 aldera sartuko da Sakanan, Urbasa gainetik eta bailara zeharkatuko du Etxarri Aranatzeraino (18:07). Han Lizarragako katea igo eta Arbizura jaitsiko dira (18:28ean), Altsasuko bidea hartuz. 138 kilometro egin ondoren, etapa 18:47erako iragarri dute etapa amaiera. Altsasuko udaletxe aurrean despedituko da lasterketa.Gaurko etaparekin asetzen ez direnek, bihar ere izanen dute txirrindulariekin gozatzeko aukera. Izan ere, laugarren etapa, biharkoa, Altsasun hasiko da. 15:00etan emanen diote hasiera txirrindulariek. Etxarri Aranatzeraino heldu eta Lizarragako Katea igoko dute, berriz ere (15:25ean), gero Arbizuraino jaitsi eta Irurtzuneraino heltzeko (16:09ean). Izurdiagako bidea hartu eta gero, lasterketak Errotzen utziko du Sakana, Villatuertaraino heltzeko. 148 kilometro egin beharko dituzte.Etxeko etapetan, duten guztia emanen dute sakandarrek, Rural Kutxak eta, bereziki, Xabier Zabalo olaztiarrak eta Patxi Mundiñano etxarriarrak.