Babestutako Gizarte Laneko langileek berdegunea egokituko dute Aita Barandiaranen

Guaixe 2007ko ekainaren 21a

Eginen den aurreneko gauza berdegunea izanen dena ixtea da. Hala, egoitzaren ezker-eskuin eta atzeko aldea hesitu eginen da. Gerora gurpildun aulkiak ibiltzeko moduko paseoa, hiri altzariak eta beste jarriko dira. Burunda mendebaldeko gizarte zerbitzuetako mankomunitateko buru Mari Carmen Lopez Caviak esan duenez "egitasmoa iaztik dago aurreikusia, nahiz eta alderdiren batek bere hauteskunde programan sartu".  Lanak udan hasiko dira eta epeka eginen dira, aurrekontu arazoengatik. Izan ere, 38.360 euroko aurrekontua Altsasu, Olazti eta Ziordiko udalek ordaindu behar dute. Burunda mendebaldeko gizarte zerbitzuetako mankomunitateko buruak dioenez "gobernuak lanak egiteko baimena eman du, baina ez dirurik". Horregatik eginen dira lanak epeka. Balorazio positiboaMari Carmen Lopez Caviak astelehenean prentsaurrekoa eman zuen Altsasu, Olazti eta Ziordiko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen 4 urteko jardunaren balantzea egiteko. Despeditzeko garaian zinegotzi eta mankomunitateko buru izateko berarengan konfiantza eman zioten guztiekiko eskertua azaldu zen. Pozik azaldu zen ere proiektu sozialistak Olaztin jarraipena izanen duela ikusteagatik, nahiz eta bera "prentsaren bidez" jakin zuen zerrendaren osaketa.Gizarte zerbitzuen mankomunitateari dagokionez, langileei "eskerrak" eman zien, mankomunitatea aurrera ateratzeko egindako lanagatik eta gehitu zuen, "gorabeherez aparte, oso harro nago langileen lanaz". Mari Carmenek esan zuenez "iritsi nintzenean erakundea utzia zegoen. Langileei aparteko orduengatik eta bestelakoengatik dirua zor zitzaien. Aurretik izan zen kudeaketa txarragatik zenbait langileren lan egoera ere egokitu behar izan da". Egoitza berrira aldatu arte langileek lan baldintza "prekarioak" izan dituztela nabarmendu zuen Lopez Caviak. Bere egitekoa 4 urteetan "ordena jartzen saiatzea izan da. Gogor lan egin dugu gizarte zerbitzuak osatzeko". Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru izateari utziko dionak kritikatu egin zuen Nafarroako Gobernuaren "pribatizazio" politika eta ezarritako baremo murritzak. Azken horiek errealitatetik urrun zeudela salatu zuen. Udalek mankomunitatearen aurrekontuaren zati handiena estaltzen dutela gogorarazi zuen (aurrekontua 400.000 eurotik 600.000 eurora pasa da). Hobetzeko bide bezala Nafarroan aldaketa politikoa ematea egoki ikusi zuen. ZerbitzuaAltsasu, Olazti eta Ziordiko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, gaur egun, 12 langile ditu eta honako programak garatzen ditu: harrera; psikologia; prebentzioa, bai drogamenpekotasunena, bai gizarterako molde-gabezia (sail honi lan karga kentzeko Familia Bitartekaritzarako Zerbitzua sortzeko nahia dago); etxeko arreta; babestutako gizarte lana eta etorkinak. Aurten ere, iaz bezala, gai hori lantzeko estatuari laguntza eskatu diote ibarreko oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateek.