Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteleheneko ekitaldian jakitera eman zenez mapa horiek Mankomunitateko eta udaletxeetako kanpoko aldean jarriko dira. Kontseiluko Mikel Gerrikok esan zuenez "mapa honekin Sakanan euskaraz bizitzea errazagoa izango da" eta gehitu zuen "Sakanara hurbiltzen den edonork euskararen alde lan egiten duten erakundeak zeintzuk diren jakiteko eta aintzat hartzeko aukera izango du". Aldi berean, Mikelek nabarmendu zuen mapa hori "akordioaren oinarri diren Ziurtagiridunak ezagutarazteko beste pauso bat" zela. Bai Euskarari maparen aurkezpenean udal gehienetako ordezkariak izan ziren, Kontseilutik adierazi zenez "Sakanako sentsibilitate politiko desberdinen babesa jaso dugu". Bildutakoen artean zeuden, Mankomunitateko lehendakari Gorka Ovejero, Irurtzungo alkate Txiki Iriarte, Arbizuko Jesus Mari Mendinueta eta Etxarri Aranazko Maider Goñi. Haiekin batera ekitaldian hainbat zinegotzi izan zen: Arakilgo Ruben Goñi, Lakuntzako Oihane Uribetxeberria, Bakaikuko Alfredo Zelaia, Altsasuko Iñaki Miguel, Olaztiko Lurdes Caro eta Ziordiko Roberto Cristobal. Irañetako Udala Floren Berazak ordezkatu zuen. Uharte Arakil, Ergoiena eta Iturmendiko udal ordezkaritza faltatu izan bazen ere, udalok ere jasoko dute mapa bana udaletxean jartzeko. Ekitaldian ere, Sakanako euskalgintza ordezkatuz Aizpea euskara taldeko Blanca Ilundain izan zen. Ekitaldian zehar Oin Arin dantza taldeak saio pare bat eskaini zituen.