EAE-ANVk eta IUN-NEBk ardura banaketagatik desadostasuna adierazi dute

Guaixe 2007ko uztailaren 24a

EAE-ANVk adierazi zuen batzordeen osaketarekin ez zeudela ados. Azaldu zutenez "batzorde batzuetako gaiek ez dute loturarik. Zenbait zinegotziri begira sortu dira". Ezker Batuak esan zuen ez zutela batzorde presidentziarik onartu "transzendentziarik ez duelako, gobernu batzordean ez gaudenez egindakoa kontuan hartu ez daitekeelako". Bilkuran zegoen UPNko zinegotzi bakarrak, Cerdanek, gobernu batzordetik baztertu izana salatu zuen. Udaleko gobernu batzordearen osaketa izan zen, hain zuzen ere, alderdien iritzi kontrajarriak agerian utzi zituenak. NaBaik eta Sozialistek lortutako akordioagatik gobernu organo hori alkateak, koalizioko Jonjo Agirrek eta Mari Carmen Otaegik eta Juan Miguel Perez eta Maria Josefa Notario sozialistek osatzen dute. Kritika gehiago Batzordeetako presidentzien banaketa eta gobernu batzordearen osaketa zela eta Ezker Batuko Arturo Carreño zinegotziak salatu zuen "Altsasuaren alde beti lan egiteko prestutasuna azaldu duten eta benetako ezkerra diren EAE-ANVren eta IUN-NEBren baztertzea". Ardurak hartzeko "jokabide eta gutxieneko kontsensurako agiria sinatu beharra" ez zuen bidezkotzat jo, "aurrekoetan halakorik egin ez denean eta jarduera askatasuna mugatzen" duelako. Ezker Batuko bozeramaileak alkateari leporatu zion "talde bat bera ere ez baztertzeko" egindako promesa ez duela bete. Norabidea zuzendu eta "gauzak errazago eta logikoago egiteko modua eta aukera" badagoela gehitu zuen zinegotzi ezkertiarrak. EAE-ANVko Raul Barrenak ere ezkerreko bi indarren "bazterketa" salatu zuen eta Nafarroa Bairi galdetu zion parte hartzea nola sustatu nahi zuten. Ekintzaileendako gobernu akordioa itxi duten bi alderdien erabakiak "Boulandierren garairik ilunena ekartzen digu gogora". Aldi berean, alderdi ekintzaileak NaBairi leporatu zion zenbait gai garrantzitsuren inguruan izanen duen jarreraren inguruan "erantzunik ez ematea".  Haiek eta NEB "baztertuz udaletik ezkerreko politikak bermatuko diren" ez zutela uste esan zuen Raulek. Ekintzaileendako "alkatetzaren lehentasuna gobernu batzordearen parte hartzeari prezioa jartzea izan da, sinatzea nahitaezkoa zen baldintza-orri baten bitartez". Koalizioak proposatutako funtzionamendu arauak "oposizioa deuseztatzea eta Altsasurako guztiz erabakigarriak diren gaietan proiektu eta posizio eza ezkutatzea helburu dute". "Tragala" eta "sistema itxitzat" jo zuten "baldintza-orria". Era berean EAE-ANVk gobernu batzordea osatzeko bere proposamena berretsi zuen (NaBaiko 2 kide eta PSN, EAE-ANV eta NEBko bana). Udalerako lortutako gobernu akordioa EAE-ANVrendako "esklusioan eta jarraipenean oinarrituta dago". Erantzuna Nafarroa Baiko bozeramaile Jonjo Agirrek "esklusiorik izan denik" ukatu zuen eta esklusioa eta akordioak lortzearen artean ezberdindu zuen. Hasieratik eskaintza "irekia" egin zutela nabarmendu zuen eta EAE-ANVrekin eta PSNrekin bilera kopuru bera egin zituztela esan zuen. NaBaiko bozeramaleak azpimarratu zuenez batzuek eta besteek "akordiorako izan duten prestutasunean egon da aldea". Koalizioko bozeramaileak galdetu zuen "denek antzeko programa dugunean, zergatik ez egin pakturik?". Jonjok gogorarazi zuen "beste udaletan akordioak lortzeko paktua ohiko metodoa" dela. Ukatu egin zuen inposiziorik egon zenik, eta gehitu zuen: "akordioak daude edo ez". Akordioak egitea "demokratikoa" zela gogora ekarri zuen. Haiek erabilitako eskema "irekia" izan zela azpimarratu zuen. Bestalde, udalerako proiektua badutela azpimarratu zuen, "PSNrekin adostuta dago" eta beste alderdien ekarpenak gehitzeko prest azaldu zen.