Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hala, Iturmendiko parrokiako batzordeak elizako ezkilak bere onera ekarri eta herriko bizitzaren zati izaten jarraitzeko nahia azaldu du. Asmo horrekin opor txiki batzuk prestatu dizkiete ezkilei, oporraldi horren ondoren zaharberrituta Iturmendira bueltatu eta haien betiko jardunean primeran aritu daitezen. Gaia sakon aztertu eta gero, Iturmendiko parrokia batzordeak ezkilak Alemaniara bidaltzea erabaki du. Hango etxe batean kaltetutako guztia soldatuko dute. Baina urteek ere ezkiletan arrastoa utzi dute, oso gastatuak daude, ia ahituak. Horregatik ezkilak barrutik ere aberastu beharra dute. Tratamendu hori ere Alemanian jasoko dute. Handik bueltan Valentziara joanen dira ezkilak, Alemanian jasotako tratamenduaren ondoren kolorea galduta geldituko dira eta Valentzian berezko kolorea jasoko dute. Horren ondoren herrirako bidea hartuko dute. Abendu alderako espero dituzte Iturmendin. PrestaketakIturmendiko parrokiako batzordeak kontu handiz prestatu du ezkilen bidaiaren nondik norakoak. Hala, larunbatean garabia batek tentuz jaitsi zituen dorretik mendeetan Santa Marinarantz eta Urdiainerantz begira egon diren kanpaiak. Haiek bidaiarako ongi prestatu eta ostegunean ibilgailu batean ederki kokatu eta gero agurtu zituzten. Guztiek ere bueltan datozenean primeran egon daitezen eta herriko bizitzaren zati izaten jarraitzeko esperantzarekin.Bidaia guztiak bezala, horrek ere, gastu batzuk ditu, 27.028 euro. Ezin dena haiek euren poltsikotik ordaindu eta horregatik laguntza eskatu dute. Horretarako zenbait modu daude. Lehena parrokian bertan gutunazal itxi batean dirua ematea, ezkilendako emaria idatziz azalean. Bestela, bi kontu korronte zabaldu dira. Bata Euskadiko Kutxan (30350116911161009073) eta, bestea, Nafarroako Kutxan (20540162019148446920). Ekarpena eginez gero ezkilendako emaria dela zehaztea eskatu dute. Horretaz gain, bidaia ordaintzeko azken kutxa horretan Zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu programan ere sartuko dute egitasmoa, 13.163 zenbakia du Iturmendiko ezkilak zaharberritzeko proiektuak. Aukera hori kutxako bezeroek bakarrik erabil dezakete. Guztia ezkilak zaharberrituta bueltatzeko.