Aulaga Folk taldeak disko berria aurkeztuko du bihar Altsasun

Guaixe 2007ko irailaren 5a

Emanaldia bihar, larunbata, izanen da 18:00etan. Ez da lehen aldia Extremadurako taldeak eskenatoki horretan jotzen duena. TaldeaAulaga Folk taldea 1999an sortu zen, Extremadura iparraldea dagoen Ambroz ibarreko herri musikaren tradizioa zabaltzeko asmoz. Taldearen errepertorioak eskualdeko doinuetan eta hango herritarren ahotsetik ikasitako doinuetan du oinarria. Baina Aulaga Folk taldeak haiek hartu eta berriro landu egiten ditu, beste musika batzuekin nahastuz. Beti ere jatorrizko zainak mantenduz. Taldeak berak sortzen dituen doinuak herriarengandik hartutako olerki eta letrendako dira. Bere jardunarekin taldeak bere ibarreko eta Gaztela hegoaldeko musika kultura aberastu nahi du. Hala, Aulaga Folk taldeak argi berria eraman dio Extremadurako folkloreari. DiskogintzaTaldearen aurreneko diskoa, Desde Ambroz a nuestra manera, 2002an argitaratu zen. Lehen disko hartan Aulaga Folkek ibarreko ohiko doinu eta kantu abildu zituen, betiko erara joz. 3 urte geroago, 2005ean, ikusi zuen argia No es mala leña diskoak. Lan horretan nabari da taldera kide berriak sartu zirela, baita ohiko doinuak musika joera berriekin lotuz. Hala, abiapuntua aberastu zuten. Lan hark estatuan eta Europan taldearen itzala zabaltzea ekarri zuen. Gaur egun Aulaga Folk taldea bere hirugarren diskoa prestatzen ari da, A menos Cuarto izenburua izanen duena. Heldu den urtean argitaratuko dute. Folkaz duten ikuspegi berri horretan sakondu eginen du taldeak. Prestatzen ari diren lan horretako doinuak dira hain zuzen bihar, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean entzuteko aukera izanen direnak. Informazio gehiagorako www.aulagafolk.com web orrira jo. TaldekideakJuan Carlos (ahotsa, txirula, perkusioa), Carlos (txirulak, tradiziozko perkusioa, flamenko-kaxa eta pandero laukia), Lourdes (ahotsa eta tradiziozko perkusioa), Enrique (baxu elektrikoa), Alvaro (klarinetea eta errekintoa), Marivi (Ahotsa eta tradiziozko perkusioa), Javier (flamenko-gitarra, espainiar-gitarra, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta lautea), Vicente (bateria, djembe eta tradiziozko perkusioa), Juan (gitarra akustikoa, espainiar gitarra, lautea eta tradiziozko perkusioa) eta Jose Antonio (soinu teknikaria).