Etorkinendako zerbitzua eskaintzen hasi da Anafe fundazioa

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Horretarako CCOOk Altsasun duen bulegoan (Zelai 79, behea. 948 468 736 telefonoa), Carlos Lopez Losantosek astelehenero harrera eginen die etorkinei, 09:30etik 13:30era. Altsasutik ez bada, Iruñeko egoitzatik (Martzelo Zelaieta 75, A3 nabea, 2. solairua) emanen du zerbitzua. Anafe fundazioak jakitera eman duenez, orain arte hainbat ziren haien Iruñeko egoitzara joaten ziren ibarreko etorkinak (Europatik kanpoko 900 bat daude). Altsasun zerbitzua ematearekin haien zerbitzua zabaldu eta hurbildu nahi dutela adierazi dute fundaziotik. Erakunde horren helburua da etorkinen gizartera eta lanerako inkorporazioa bulkatzea, "beti ere haien kultur osotasuna errespetatuz". ZerbitzuakAstelehenero sindikatuaren bulegora joaten diren etorkinak Anafe-CITEk eskaintzen dituen zerbitzu eta jarduerak erabiltzeko aukera izan dezakete. Carlosek azaldu digunez Iruñean gehien eskatutako zerbitzuak aholkularitza juridikoa, dokumentu eskaerak eta administrazioan tramiteak egitea dira. Horregatik eta bestelako arrazoiengatik Carlosek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin koordinatzeko nahia azaldu du. Horrekin batera, lan arloarekin zerikusia duten zerbitzuak ere eskaintzen ditu Anafe-CITEk, esaterako: lana opatzeko moduak eta curriculumak egiteko modua ere erakusten dute. Horretaz gain, fundazioak lan eskaintzen eta lan eskatzaileen datu basea osatuta du. Gaztelania eta Lanbide Heziketako ikastaroak ere antolatzen dituzte. Anafe-CITEk Nafarroako Gobernuarekin batera integrazio soziala helburu duen etxebizitza programa martxan du. Carlosek aitortu zuenez, "prezioek nahiko zaila egiten dute etxea opatzea". Fundazioak, bestalde, hitzaldi eta bestelako jarduerak antolatzen ditu. Azkenik, aholkularitza eta ikerketak ere egiten ditu.