Bosgarren aldiz irabazi du Alberto Velascok Berriozarko txakur-erakusketa

Guaixe 2007ko irailaren 12a

Irañetako txakur hazleak, gainera, kume onenaren saria ere eskuratu zuen Chelines La Sakanesa animaliarekin. Jakina, Alberto pozik zegoen jasotako sariekin. Hala ere, aitortu digu saria lortzea "zaila" dela eta "zortea" ere badela. Horrek bere txakur hazle bikainaren ospea handitu besterik ez du eginen. HaztegiaAlberto Velascok duela 5 urte jarri zuen Chelines txakur haztegia Irañetan. Txakurrekiko zaletasuna, ordea, txikitatik du. 12 urterekin erosi zuen bere aurreneko fox terrierra. 35 urte badira zaletasun hori lantzen, "nire bizitza eta pasioa" bihurtu dela aitortu digu. Irañetan duen txakur haztegian Albertok fox terrier, miniaturako snauf eta lake land arrazetako animaliak hazten ditu. Albertori sumatzen zaio txakurrak hazteko trebetasuna. Hala erakusten du Irañetakoa izatea estatuan txapeldun gehien eman duen haztegia izateak. Aurten bertan Irun eta Portugaleteko erakusketetan parte hartu du. Baina nabarmentzekoa da Poloniako Pozdam hirian lortu zuen marka: 23.000 txakurren artean munduko erakusketa irabaztea. Hazlea izateaz gain, zenbaitetan epaile ere bada Alberto. PrestaketaAnimalien morfologia lehiaketetan parte hartzen dute Irañetan hazitako txakurrek. Haietara aurkezteko, irintarrak txakurrei "ileapaindegi konponketa zail eta korapilotsua" egiten die. Horrekin batera, egoki elikatu eta tratu ona ematen die. Alberto Velascok aitortu digunez txapeldun baten atzean "lana eta lana" besterik ez dago. Irintarrak esan digunez: "potentzial genetiko ona izan behar du txakurrak. Horretarako aukeraketa eta selekzioa egin behar da. Hori lortzeko batzuetan txakurrak inportatu egiten ditut. Besteetan estali. Gurera estaltzera etortzen direnak ere badira. Baina selekzioa egiteko begi zorrotza, sentsibilitate berezia behar da. Hemen 2 eta 2 ez dira 4". Animali egokien aukeraketa egiteko erakusketa eta lehiaketak egokiak dira. Baina internetek aukerak handitu egin dituela esan digu, nahiz eta "txakur onak batzuk besterik" ez izan. Bere asmoa orain arte bezala jarraitzea da. Izan ere, txakurrek "poza ematen didate: irabazteagatik, haien konpainiagatik gozatzeagatik eta txakurren ingurukoak ditudalako lagunak". Albertok, hala ere, aitortu du berdin segitzea "zaila" dela, "txakur generazio bakoitza ezberdina baita. Etengabeko lana da. Esaterako, munduko txapelduna 15. generazioko txakurra da". LehiaketaBerriozarko erakusketan 10 mailatan banatuta zeuden animaliak. Goizean zehar guztiak epaimahaiaren aurretik pasa ziren. Epaileek maila bakoitzean animaliek bere arrazako estandarrarekin zuten antzekotasuna epaitu zuten. Horretarako fisonomia, hozkada eta bizkarra, ilea, mugimendua, kolorea eta izaera izan zituzten kontuan. Baita animaliaren "glamourra" ere. Maila bakoitzeko onena arratsaldeko sailkapenera pasa zen eta guztien artean Alberto Velasko irintarraren txakurrak lortu zuen erakustaldiko txakur onenaren saria.