Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dagoeneko sei hilabete bete dira Altsasuko alkatetzak Udaltzaingoaren gaueko lan txanda kentzea erabaki zuenetik. Haien ordez edozer gertaerari erantzuteko gauez zerbitzua eskaintzen ari dena Foruzaingoa da, Udaltzaingora gauez egindako deiak 112 larrialdi telefonora bideratzen baitira. Udaltzaingoaren gaueko txanda kentzeko erabakia langile faltagatik hartu zuen alkateak. Zenbait bajan zeuden eta, horrela jarraitzen dute bik. Gainera, laguntzaile bati udalak ez dio kontratua berritu. Gaur egun 7 udaltzain eta 2 laguntzaile daude plantilan. Guztiak ere festetan lanean ariko dira, 3 goizez (4 domekan eta astelehenean) eta 2 arratsaldez. Bitartean lan txanda horren inguruko erabaki bat hartzeko udaltzaingoko kaboen txosten baten zain dago. Foruzaingoa festetanAltsasuko festak direla eta Foruzaingoak neurri bereziak hartuko ditu egun hauetan. Foruzaingoak Iruña Etorbidean duen polizia etxean herritarrei harrera egiteko bulegoa egun osoa zabalik izanen da, 948 564 614 telefonoa du. Bestela, edozein larrialditarako 112 telefonora jo daiteke. Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, polizia-etxea maiatzean zabaldu zutenetik 40 salaketa jaso, ikertu eta epaitegian izapidetu dira. Gehienak lapurretengatik izan omen dira. Horrekin batera, Altsasuko festak direla eta, Foruzaingoak ibilgailuen zirkulazioaren kontrola, alkoholemiak eta trafiko delituengatik atestatuak eginen dituela aurreratu du Barne Departamentuak. Gainera, gobernuak aurreratutakoaren arabera jendea pilatu daitekeen tokiak patruilatuko ditu Foruzaingoak, delituak eta arau-hauste administratiboak eragozteko. Departamentuak jakitera eman duenez, polizia-etxea zabalik egon zen aurreneko bi hilabeteetan Hiritarren Segurtasun Legea larriki hausteagatik 11 salaketa jarri ditu Foruzaingoak. Aldi berean, prebentziozko patruilatzeak hainbat tokitan areagotu egin dela ere jakinarazi dute. Azkenik, Foruzaingoaren Joku eta Ikuskizunen Dibisioak ikuskizun publikoen, edukieren eta ordutegien kontrola eginen omen du. Barne Departamentuak zabaldutako datuen arabera, Altsasuko polizia etxea zabaldu denetik, 33 espektakulu eta establezimendu publikoren inspekzioak egin dira, 8 salaketa eta 7 txosten egitea ekarri dutenak.