Hasi dira festak

Guaixe 2007ko irailaren 13a

Azpian, gaztetxoek txanpan eta sagardo botilak hustu zituzten festari hasiera emateko, batzuk, propio, suziria lehertu aurretik. Etxajuarekin batera ezkila errepika hasi zen. Txarangak, gaiteroek eta txistulariek udaletxe aurreko aldetik herri guztira zabaldu zuten musika eta jai giroa. Astelehena bitarte badago zer ospatu Altsasun. Festa egun hauetan behar bezala ospatzeko guztia prest dago. Edozer dela eta haien premia badago, DYAko boluntarioak zerbitzu berezia eginen dute egun hauetan. DYAren laguntza behar duenak 669 774 989 telefonora hots egin dezake. Festa egunetan 10 pertsona ariko dira, bi anbulantziaren laguntzarekin. BerdintasunaAltsasuko Feministak taldeak festetan sexuen arteko berdintasunaren inguruan hausnarketa egiteko kartelak argitaratu ditu. Altsasuko Feministek, komiki baten bidez, festetan adin ezberdinetan ematen diren sexuen arteko ezberdintasunak nabarmendu nahi izan dituzte. Horrela, 17 urte inguruko mutil gazteek izaten duten askatasuna emakume gazteei eskatzen zaizkien kontuekin parekatzen du. 30 urteren buruan, aita parrandan dagoen bitartean, ama haurra zaintzen dagoela ageri da komikian. Azkenik, 50 urteko bikote bat ageri da. Gizona ardoa edaten dagoen bitartean, emakumea etxeko lanak egiten ari da. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko egoera horiei guztiei buelta ematea eskatu du Altsasuko Feministak taldeak.