Iragarki honek aztoratuta nauka ondarea nola kudeatzen den azaltzen baitu; hau da, dirua duenak erabakitzen du zer eta nola babestu behar den. Ondarea ez da benetako balorea. Honen atzean legitimazio joku estali bat dago. Poterean dagoenak bere interesen arabera zenbait ikur zilegitzen ditu eta beste batzuk ahaztuarazi. Larriena ez da ordea banku baten %0,01arekin zer egiten den, baizik eta momentuko eta lekuko kudeatzaileek nola xahutzen duten, esaterako, kulturarako aurreikusita dagon diru kopurua eta zein politika mota erabiltzen den jarduera hori justifikatzeko.Ondarearen izaera konplexua da eta definizio zehatz bat ematea ia ezinezkoa. Badirudi kulturak aurrera egin duen einean atzean aztarnak edo puskak utzi dituela, eta zati hauetaz osatua dagoela. Orduan, margolan bat, olerki bat edo filme bat, ondarea dira? Ondare pertsonala soilik? Kulturak aurrera egiten badu eta jada sortu dituen gauzak (artelanak, eraikuntzak, abestiak, pantanoak, zentral nuklearrak...) zaharkituak geratu badira, merezi al du hauek gordetzea? Zentzurik al dauka kontserbaziorako dirurik emateak? Gauzak gordetzea erabakitzen bada, zein garaiko gauzak gordetu behar dira, erromatarren garaikoak, aurrehistoriakoak, 50. hamarkadakoak... edo industria garaikoak ere gorde behar dira, memoriaren puska bat direlako?Esan bezala ez da erraza hitz honen muga aurkitzea. Afektibidadearekin nahasia agertzen da diru publikoarekin bezain beste. Negargarria da herrietako etxe zahar bat behera erortzen ikustea. Denok dauzkagu harriak eta habeak geure arkitektura idealari lotuta, baina ez da posible diru laguntzarik gabe jauregi bat zaharberritzea. Bestalde lantegi zaharrek eta txabolek, jauregien antzeko kualidadeak izanik (estetikoak, erabileraren araberakoak), diru laguntzarik ez izateaz gain bota egiten dira, duintasunik gabeko eraikinak balira. Finean, diruak ere ondarea zer den argitzen du. Interes kontu bat da, legitimazio kontu bat; inondik inora kultura kontu bat.