Zaindu ezazu zure azal beltzarana

Guaixe 2007ko irailaren 27a

Sinesgaitza bada ere, azala beltzarantzea gorputzak gure azala babesteko eragiten duen erreakzio bat da. Azalak eguzkiaren erradiazio ultramorea hartzen duenean, azaleko zelula batzuk (melanozitoak) kutisean zabaltzen den melanina (pigmentu beltz bat) egiten hasten dira. Pantaila natural horrek erradiazioa gure gorputzaren mugetan gelditzea du helburu. Baina mekanismoak huts egiten badu edo eguzkiaren erasoa gehiegizkoa bada, erre egiten gara. Beraz, kolorea pixkanaka hartzea komeni da.  Gure azalak memoria moduko bat du. Horregatik, gure azala askotan erretzen bada, denbora pasatuta zimurrak, orbanak... agertzen dira. Gure azala babestu egin behar dugu ahalik eta gutxien erretzeko. Bestalde, eguzkia babesik gabe hartzen dugunean, gure azala deshidratatu egiten da, beraz, deshidratazio hori tratatu ezean, ez da harritzekoa gorago aipatutako zimurrak edo orbanak agertzea. Gainera, gogoan izan deskuidatuz gero azaleko minbizia ere ager dakigukeela. Hau gertatu ez dadin gure azalari behar duen babesa eman behar diogu eguzkitan jarri aurretik eta ondoren. Eguzkia hartu ondorengo tratamenduak, normalean, uda bukatu ondoren egiten diren tratamenduak dira. Tratamendu honek udan zehar azalak hartutako jipoiaren ondoren txukun uztea du helburu hurrengo uda arte.  Eguzkia hartu ondorengo tratamenduekin azalaren lodiera gutxituko dugu, eguzkitan denbora asko igaro ondoren, azalak babes modura loditzeko joera baitu. Aldiz, azalaren deshidratazioa tratatzeko lokatz berezi batzuk jarri behar dira kutisa bere hidratazio puntura iristeko. Dena den, azalak bere onera itzultzeko denbora behar izaten du eta ez da saio batekin nahikoa izaten gehienetan. Beraz, tratamendu bakoitzaren iraupena aztertu egin beharko da azalaren eta eguzkitan egindako gehiegikerien arabera. Olatz Zabala.