Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo Udalak onartutako testua kritikoa da Nafarroako Gobernuak daraman prozesuarekin. Nafarroako Parlamentuak iaz onartu zuen Nafarroako Lurralde Estrategiak "Nafarroa Atlantiko eskualdeko potentzialitateak nabarmen txikitzen" dituela dio udalak. Gainera, Irurtzungo Udalak Lurralde Estrategiaren "kalitate demokratikoa auzitan" jarri du, "parte hartzea mugatua izan delako, nahiz eta irudi parte hartzailea saldu nahi izan". Horregatik udalak salatzen du LAP ez dela "adostutako proposamena, gizarte politiken kaltetan, Nafarroako Gobernuaren makroekonomia eta azpiegitura politikak legitimatzekoa postua besterik ez da". Udalak LAP-n "zehaztasun" falta salatu zuen, bai orokorrean bai Irurtzuni dagokionean ere. Azken horrek "Irurtzunen kokapen estrategikoa murriztu" egiten duela salatu du udalak. Horregatik "Irurtzun azpialde buru izateko beharrezko ikusten dituen jarduera argiak" alegazio moduan aurkeztu ditu Irurtzungo Udalak. EkipamenduakHezkuntza arloan, Irurtzungo Udalak eskatu du eskola, musika eskola eta herriz gaindiko beste zerbitzu batzuen mantenu eta egokitzapenerako urteroko laguntza eta diru laguntzen politika. Horrekin batera, Atakondoa ikastetxea handitzea edo berria egitea eskatu du. 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hartuko dituen zikloa berehala ezartzea eskatu da, baita epe ertainera DBHko 2. zikloa jartzea ere. Azkenik, Sakanan Lanbide Heziketa euskaraz ikastea aldarrikatu du udalak. Irurtzungo Udalak onartutako alegazioetan, osasun arloari dagokionez, oinarrizko osasun zerbitzuetan langile gehiago behar dela nabarmendu da. Horrekin batera, dauden espezialitateak hobetu eta berriak eskaintzea (ginekologia, pediatria, geriatria, emaginak...) eskatu du Irurtzungo Udalak. Gizarte ongizateari dagokionez, Irurtzungo Udalak bere alegazioetan dio: "LAP-k azpieskualdeen potentzialitateak jaso behar ditu, baita jarraitu beharreko jarduerak ere. Horrekin batera, beharrezkoa da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eskualdeak berrantolatzea, hobeto bat etor dadin udalen eta mankomunitateen banaketa administratiboarekin". Irurtzunerako beharrezko jotzen ditu udalak honako zerbitzuak: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetarako egoitza berria egungoak zaharrak eta eskasak direlako eta oztopo arkitektonikoak dituztelako; zaharren egoitza eta eguneko zentroa, hurbilenak 20 km baino gehiagora daudelako eta eskualde handia denez eta mugikortasun handia eskatzen duenez, zaintzaile gehiago. Kirolari dagokionez, LAP-n jasoa dago Irurtzun, Lekunberri eta Leitzako ekipamenduak osatzeko proposamen orokorrak. Irurtzungo Udalak "zail" ikusten du Leitzarekin "osagarri" izatea. Lekunberri eta Sakanarekin osagarritasuna "bideragarriagoa" dela dio udalak. Udalak Irurtzunen eragin esparruak inguruko beste ibar batzuk hartzen dituela gogorarazi du. Horregatik 3 eskaera egiten ditu herrirako: igerilekuak berritu eta egokitzea; epe ertain edo luzera igerileku estalia jartzea eta epe luzera futbol zelaia eraikitzea. Herriaren garapenaLAP-n jasotzen diren herriak garatzeko irizpide eta aholkuak "argiak" direla dio Irurtzungo Udalak bere alegazioetan, "baina udalen errealitate ekonomikotik urrun dauden jarduerak dira". Hori dela eta, udalak gizarte etxebizitzen arloa dinamizatu ahal izateko gutxieneko neurriak proposatzen dira alegazioetan: "lege eta finantziazio argudioak" zehaztea eskatu du Irurtzungo Udalak, besteak beste: udalendako baliabide ekonomiko gehiago; babes ofizialeko etxebizitza, batez ere alokairukoa, egiteko gobernuaren laguntzak; birgaitzeko neurriak; hutsik dauden etxebizitzen kopurua murrizteko legedia eta gobernuarenak diren eraikinak, kamineroena kasu, udalei ematea gizarte etxebizitza bihurtzeko". Garapen ekonomikoaLAP-k Urdiain-Altsasuko poligonoa eraikitzea aurreikusten du. Irurtzungo Udalaren ustez, egitasmo horrek "Sakanako gainontzeko herrien industria garapena ezinezko egiten du". Irurtzungo Udalaren ustez, "aurreikusitako milioi bat metro karratu ibar guztian barna banatuak izan beharko lukete, ibar guztian industria garapena posible egiteko eta ez bakarrik mutur batean, populatuena bada ere. Industria lurra banatzeak garapen jasangarria ekarriko luke eta beste aspektu batzuk hobetuko lituzke". Irurtzungo Udalak gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak atzera bota zuela herrian egin beharreko industrialde publikoa uholde arriskuagatik, eta Urdiain-Altsasukoak arrisku handiagoa duela dio. Horregatik Irurtzungo Udalak eskatu du Urdiain-Altsasuko industrialdearen eraikuntzaren "tamaina, industria mota eta ingurumen neurriak arretaz aztertu" behar direla. "Industrialde hori egitearekin batera, Sakanako beste herrietan industriarako eremu publikoak eta haren baldintza berdinetan ziurtatzea" eskatzen du Irurtzunek. Irurtzungo Udalak ongi ikusten du LAP-k aurreikusten diren "100.000 eta 200.000 metro karratuko arteko enpresa parkeak eta Irurtzun-Arakilen aurreikusten den aukera area, beti ere, dagoen lur erabilgarriaren arabera udal bakoitzari zein jarduera egin behar den argi esaten bazaio". Hori garatzeko Irurtzungo Udalarendako "ezinbestekoa da herriak ikerketarekin eta metalarekin zerikusia duen industrialde publiko bat izatea". GarraioaIrurtzungo Udalak eskatzen du LAP-k 3 aspektu jasotzea: berehala Astraingo errepideko saihesbidea (Oskia-Gulina aukera) egitea; Gasteiz-Iruña autobiara irteera zuzena eta inguruko ibarrekin lotura egiten duten bigarren mailako errepide duinak. Aldi berean, Irurtzungo Udalaren alegazioetan jasotzen da "garraio publikoaren ordutegiak hobetzeko premia, kotxe pribatua erabili baino". Horrekin batera, minusbaliatuendako gutxieneko zerbitzua eskaintzea eskatu du udalak. Trenari dagokionez, Irurtzungo Udalak kritikatu egin du LAP-n jasotzen diren "orokortasunak" eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruko "zehaztasuna". AHTren inguruan "benetako premien inguruko benetako eztabaida baztertu dela" salatu du udalak. Alegazioetan jasoa dagoenez "AHTren aurreikuspenak, ingurumen eraginak eta ibilbideak ez dira Sakanaren gizarte eta ekonomia garapenerako onuragarri". Horregatik, "prestazio altuko trenaren edo egungoa hobetzearen alde" agertu da udala. Irurtzungo Udalak, AHTk bidaiariak eta merkantziak garraiatzea eskatu du eta merkantziak kargatu eta deskargatzeko Sakanarako zerbitzua Altsasun egon dadila. Azkenik, txirrindula dela eta, Irurtzungo Udalak eskatzen du Plazaolako tunela zabaldu eta egokitzea eta trenaren ibilbidea zena mantendu eta ibilbideak prestatzea. UraIrurtzungo Udalak honako eskaerak jaso ditu bere alegazioetan: lehenbailehen Irurtzun Urdalurko uraz hornitzea; sare hori Iribaskoarekin lotu; Iribasko kontzesioa mantendu ezohiko kasuetan erabili ahal izateko, bitartean hango ura Larraun ibaiaren emari ekologikoa hobetzeko erabili; Ur biltegi berria handiagoa edo egungoa handitzea; Ertzilla ibaiaren zainketa eta mantenua eta Larraun ibaiko zentral hidroelektrikoen uraren erabileraren kontrol zehatza. Bestalde, alegazio orokorraetan, Irurtzungo Udalak aurkeztutako idatzian eskatze du euskara "ez dadila kultur ondareko jarduera gisa hartu". Nafarroako hizkuntza ofizial gisa "onartua izan behar du zerbitzu publiko guztietan".