Etxarriko ekintzaileek plangintzaren "izaera inposatzailea" salatu dute. Haien iritziz, "Herrien eta eskualdeen erabakitzeko ahalmena eta autonomia murrizten du hainbat alorretan, eta garapenerako hainbat muga ezartzen ditu". Etxarriko EAE-ANVren iritziz "benetako parte hartze demokratikorik eman ez" denez, "planaren eztabaida berrartzea" eskatu du.Horrekin batera, ekintzaile etxarriarrek diote LAPek "eskualdearen ondare naturalean atzeraezineko eragina izanen duten hainbat azpiegitura (AHT, makro-industrialdeak, tentsio handiko argi-lineak...) ezartzen ditu, eta berriro ere kaltetuen iritzia kontuan hartu gabe. Txikizio handia eraginen dute". Etxarriko EAE-ANVrendako "proiektu horiek guztiak LAP 2ak berak ustez sustatu nahi duen iraunkortasun printzipioaren aurka doaz". Horregatik, "proiektu horiek geldi daitezela" exijitu dute alegazio bidez. Etxarriko EAE-ANVk aurkeztutako alegazioetan kritika egiten du LAPen "joera zentralizatzailea" dela eta, aldi berean, Sakana Altsasu eta Irurtzungo poloen inguruan artikulatzea kritikatzen du. Ekintzaile etxarriarrendako "horrek Sakandarron ohiko antolakuntza eredua (Burunda, Aranatz eta Arakil guneetan banatzen dena) aldatu eta bi gunetan zentralizatzen du, erdiko eremua eta bereziki Etxarri Aranatz zuzenki kaltetuz".