Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ikasturtean baino % 30 ikasle gehiagorekin ekin dio Lanbide Hezkuntzako institutuak ikasturte berriari, 87 hain zuzen ere. Ikastetxeko arduradunen iritziz horrek adierazten du "gazteek gero eta gehiago baloratzen dituztela ikasketa profesionalak". Aralarko Mikel Donea II institutuak gaur egun erdi mailako 3 heziketa ziklo eskaintzen ditu: elektromekanikako instalazio eta mantentze arloko teknikaria; soldadura eta galdaragintzako teknikaria eta mekanizatuko teknikaria. Horrekin batera, langabetuendako soldadura eta eraikinetako elektrizitate ikastaroak eskaintzen dira. Jardunean ari diren langileendako, berriz, eskaintza honakoa da: automata programagarrienI I. maila; TIG soldadura eta diseinu grafikorako Autodesk Inventor. Bestalde, ikastetxeak eskualdeko lantegien artean erreferentea izateko duen bokazioaren barruan, ikasturte berrian ikasketa eskaintza berria eskainiko du. Soldadura eta galdaragintza alorrean gutxienez bi urteko esperientzia duten langileei zuzenduta dago. Astean bi arratsaldetan Lanbide Heziketako institutura joan eta hala beharrezkoa duten prestakuntza osatuko dute eta, bide batez, titulua eskuratuko dute.