Bizikidetza baketsua eskatuko dio udalak Gobernu ordezkaritzari

Guaixe 2007ko urr. 4a, 00:00
MozioaBilkura berean EAE-ANVk mozioa aurkeztu zuen 3 gauza eskatuz. Batetik, Altsasun azken asteetan Guardia Zibilak jarritako kontrolak eta festetan egin zuten herriaren "okupazioa" salatzeko, "kontrolek segurtasun eza" dakartelako eta "Euskal Herria militar eta polizia arrotzek okupatuta" daukatelako. Ekintzaileendako "Euskal Herrian bizi den egoera ez demokratikoa da" eta gehitu zuten: "gure herriaren ukazioak errepresioaren sostengua baino ez du".EAE-ANVk bere mozioan alkateari Espainiako Gobernuko Nafarroako Ordezkariarekin biltzeko eskatu zion mozioan, "horrelako egoerak gure gerrian berriro gerta ez daitezen exijitzeko". Azkenik, ekintzaileen mozioak udalari eskatu zion "lan egiteko konpromisoa har dezala polizia indarrek Altsasutik alde egitea lortu arte". Mozioa ez zen onartu. PSNk eta UPNk kontra bozkatu zuten. Sozialistek esan zuten "indarkeria gaitzesten ez duten bitartean ez dugu eztabaida politikorik izanen". NaBaik eta NEBk, berriz, abstentzioa eman zuten. Koalizioak azaldu zuen mozioaren zenbait punturekin ados egon zitekeela, "manifestazio libre eta baketsurako eskubidea eskatzerakoan" edo Guardia zibilaren jokabide batzuk salatzerakoan. Baina koalizioak mozioa "motza" zela argudiatu zuen "ETA aipatzen ez delako eta hark militarizazioa, errepresioa eta beldurra sortzen dituelako". Zenbait zinegotzik bizkartzaina behar zutela gogorarazi zuen koalizioak. Bestalde, NEBko zinegotziak "zenbait herritarrengandik jasotakoa" proposatu zion EAE-ANVri hurrengo deialdiak ez daitezela festetan egin, "Guardia zibila ager ez dadin eta inolako beldurrik gabe festa ospatu ahal izateko". Askatasun faltaHain zuzen ere, hori salatu zuen alderdi sozialistaren bozeramaleak. Hark jakitera eman zuenez, festen hasierako egunean, poteoan zebiltzan zenbait zinegotzi. UPNko zinegotzi bat tabernatik atera zen peñen jaitsiera ikusteko. Sozialisten bozeramaileak esan zuenez, "zenbait pertsona zinegotzia beldurtzen saiatu ziren eta haren eta gure bizkartzainak zinegotzia babestu beharrean suertatu ziren. 30 pertsonak inguratu eta iraindu eta errieta egin zieten. Horregatik hots egin zioten Guardia zibilari". Sozialisten bozeramaileak galdetu zuen: "Zer gertatuko zen bizkartzainek beste modu batera erantzun izan balute?"