MUSIKA TRADIZIONALA EDO MUSIKA UNIBERTSALA?

Guaixe 2007ko urriaren 3a

Batzuek aldaezina den elementu bat dela pentsatzen dute. Hauen arabera, musika herrikoiak interpretazioa onartzen du soilik, eta sormenari ez dio lekurik uzten. Normalean, horrela pentsatzen dutenek folklorearekin zerikusirik badute eta "benetako interpretazioa-benetako bertsioa" aldarrikatzen dute.Besteek, musika unibertsala dela pentsatzen dute eta horregatik beste ikuspuntu batetik ikusten dute lehen aipatutako musika tradizional hori. Hauek, musika herrikoiaren interpretazio desberdinetara irekiak daude. Eta arrazoia hauxe da: musika edo melodia bat, momentu konkretu batean eta pertsonalki sortu arren, beti ez da era berean errepikatu. Hau da, ahozko tradizioa kontuan hartzen dute. Beraz, argi dago belaunaldirik belaunaldira, melodia edo erritmo batean interpretazio desberdinak eta aldaketak  egotea normalena izan daitekeela. Kanta herrikoiak biltzen dituztenek beti esan ohi dute ez dela gauza bera leku batean edo bestean melodia bat jasotzea eta desberdintasun nabariak daudela kanta berbera gazte edo heldu bati entzuterakoan.Gaur egungo euskal musika tradizionalak edo herrikoiak, bigarrenaren ildotik jarraitzen du. Euskal musika bizi-bizirik dago eta osasun ezin hobea duela esan dezakegu, egunero berritzen baita. Badirudi musika honen bilakaera inork ezin dezakeela gelditu. "Alboka" edo "Oskorri" bezalako taldeek hartu daitezke eredutzat, beraien azken diskoetan, orain arte entzun ez diren instrumentu, melodia eta forma desberdinak sartzen baitituzte. Hirurogeiko hamarkadan, "Ez Dok Amairu" taldeak garai  hartan musika tradizionalak zuen kontzeptua hautsi zuen. Ordutik, euskal musika tradizionalak bide desberdinak hautatu ditu: Benito Lertxundik zeltiar tradizioa eskuratu zuen;  Oskorrik teknikoki oso landua dagoen musika eskaintzen digu, eta alboka eta gaita bezalako instrumentuak maisutasunez bat egiten ditu, mezua eta melodiaren arteko harremanari garrantzi handia emanez. Talde guzti hauetan geure lurraldetik at sortu den musikaren oihartzuna sumatzen da, musikaren unibertsaltasuna agerian utziz.Akordeoi eta trikitixaren munduan iraultza nabarmena egon da musika tradizionalarekin. Kepa Junkera eta Fran Idarreta izan dira instrumentu hauek berpiztu dituzten maisuak. Biek aire freskoa eman diote beraien instrumentuei, beste kulturetako melodia, forma eta estiloak hemengo musika herrikoiarekin nahasiz,  eta bat datoz musikaren unibertsaltasuna lau haizetara aldarrikatzen dutenean.