Udaltzaingoa Poliziaren Informazio Sistemara konektatu ahal izateko hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2007ko urriaren 8a

Hitzarmena Altsasuko udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan burutu zen. Unai Hualdek hartu zuen hitza lehen eta kontseilariaren presentzia eskertu zuen. Udalari "hiri segurtasunak asko kezkatzen diola" azpimarratu zuen eta "azken denboran Altsasuko eskualdean izan den polizia presentziaren hedapena dela eta indarren koordinazioa ezinbestekotzat ulertzen duela" gaineratu zuen. Caballero kontseilariak hartu zuen hitza alkatearen ostean eta bera ere eskerrak emanez hasi zen, udalaren segurtasunarekiko sentsibilitatea goraipatu zuen. "Nafarroako Gobernuak herri, autonomi nahiz estatu segurtasunarekiko ardura berezia" duela gogorarazi zuen. "Hitzarmenarekin herrikoa Europan txertatzea xedea gauzatuko dela eta aldi berean Europakoa herriraino iritsiko dela" azpimarratu zuen. "Udaleek egitasmoarekin bat egitea oso positibo" dela adierazi zuen kontseilariak eta "Altsasuko eskualdea bereziki sentsiblea denez are garrantzitsuagoa dela" gehitu zuen. Lankidetzarako akordioren sinadura ekitaldia alkatearen eta kontseilariaren hitzarmen sinadurarekin amaitu zen. Sistema jartzeaSistemaren ezarpena fase bitan eginen da. Lehen fasean Udaltzaingoa Foruzaingoaren datu basera (OESIS) kontsultak egiteko konektatu  ahal izango da eta haren bidez estatu mailako baita Europako datuetara ere bai. Bigarren fasean, Udaltzaingoa PIS-era zuzenean konektatzeko aukera aurreikusten da. Gainera, Nafarroako Gobernupean dauden hainbat polizia fitxategitarako sarbidea izanen du Altsasuko Udaltzaingoak. Foruzaingoak izanen du PIS-eko datuak eguneratuak eta kalitatekoaz edukitzeko ardura. Horretarako, Udaltzaingoak pasatako informazioaz, nahiz bereaz propioaz, baliatuko da. FinantzaketaSinatutako akordioan finantzaketaren inguruko betebeharrak ere zehaztuak geratu ziren. Alde batetik, Altsasuko udala Udaltzaingoa PIS-era konektatu ahal izateko beharrezkoa den hardwarea eskuratzeaz eta konexioaz, baita ekipo informatiboen sistema operatiboetaz ere, arduratu beharko da sor daitezkeen gastuak bere gain hartuz. Bestetik, softwareak, haren mantenuak eta beharrezkoak suerta daitezkeen eguneratzeek eragingo dituzten gastuen kargu Nafarroako Gobernua eginen da. Hala ere, 2007ko Altsasuko udalaren aurrekontuen arabera, Nafarroako Gobernuak gastuen 100% ordain dezake.