Mahaikideen atxiloketengatik LABen protesta

Guaixe 2007ko urriaren 15a

LABek aurreko ostegunerako deituta zituen Irurtzungo eta Altsasuko Ondarria industrialdeko kontzentrazioak debekatuta zeuden, baita arratsaldez Altsasun egitekoa zen manifestazioa ere. Haiek eragozteko Guardia Civilaren presentzia nabarmena izan zen. Lekukoek esan digutenez Guardia Civilak Altsasuko plazan ez zuen inor egoten utzi eta haiek bakarrik egon ziren. Aurreko zenbakian aipatutako mobilizazioez gain, Batasunako kiden atxiloketagatik protesta egiteko Irurtzungo Atakondoa eskolan 15 lagunek parte hartu zuten mobilizazioan, Lakuntzako Sakana kooperatiban 15 lagunek ordu bateko kontzentrazioa egin zuten, Altsasuko Sunsundeguin ordu erdiz egin zuten protesta 40 pertsonek. Ostegun arratsaldean herrietan bilkurak egin ziren. LABek jakinarazi zuenez Irurtzunen 20 pertsona bildu ziren, Lakuntzan 20, Etxarri-Aranatzen 40 eta Urdiainen 20.