ELAk zementuaren eratorrikoen lan hitzarmena eskatu du

Guaixe 2007ko urr. 22a, 00:00
Nafarroakoa ELAko Hainbat federazioko Nafarroako arduradun Juan Larraia Barrabek azaldu zuenez "lan hitzarmenaren negoziazio mahaia geldi zegoen eta horregatik ELAk, UGTk eta CCOOk maiatzerako greba deialdia egin genuen, patronala ez zelako mugitzen". Larraiak azaldutakoaren arabera deialdi hura eta gero patronala mugitu egin zen, "nahikoa greba deialdia bertan behera uzteko". Baina mugimenduak bere horretan gelditu ziren. Orduz geroztik mugimendurik izan ez denez ELAk protestari ekitea erabaki du. "gauzak ez badira mugitzen protesta maila igoko dugu". Juan Larraiak azaldutakoaren arabera gaur egun mahai gainean ELAren lan hitzarmenerako proposamena besterik ez dago: 2 urteko lan hitzarmena, soldata igoerari dagokionez kontsumo prezioen indizea (KPI) gehi % 2ko edo 2,5eko igoera eta 2 urtetan lanaldia 10 ordutan murriztea. Azken puntu hori patronalak proposatu eta langileek onartu omen zuten. ELAren arabera lan hitzarmen horrek mila bat langileren gain du eragina. Ibarrean sektoreko zenbait enpresa ditugu: Dinescon, Prenasa, Norten...KritikaELA sindikatua oso kritiko azaldu zen UGT eta CCOOrekin. Bi sindikatu horiei proposamen bat bera ere aurkezteko "ezintasuna" eza leporatu zien. ELAk salatu zuenez "UGTk eta CCOOk eratorriak eraikuntzaren lan hitzarmenetik atera ez balute ez genuke lan hitzarmen harekin berdintzeko borroka egin beharko". Sindikatutik adierazi zutenez, "ELAri patronalari baino kalte gehiago egiten arduratuta daude bi sindikatu horiek", eta sektorea "utzita" zutela salatu zuen. Ziordiko lantegiko lan hitzermenari dagokionez, ELAk esan zuen gaur egun enpresa paktua negoziatzen ari direla aldeak. Langileek ordezkariek 2 urteko lan hitzarmena eta KPI gehi % 2ko igoera eskatzen dute. Enpresak, dirudienez, % 1,2ko igoera proposatzen du, herrialdeko lan hitzarmenean gertatzen denaren zain. Igoera altuagoa balitz, aldea ordaintzeko prest legoke.