Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Egokitze lanek eskatu dute zurezko lurraren ordez baldosak jartzea, paretetako gotelea kentzea eta lauak uztea, haiek margotzea eta elektrizitate azpiegitura lantxo batzuk. Horiekin batera, eskailerak igo ezin dituzten pertsonek kontsutategira joan ahal izateko paretara lotutako errail bidez funtzionatzen duen aulki elektrikoa jarriko dute. 18.000 euro inguruko aurrekontua dute eta haiek despeditzean Etxarrengo Kontzejuak diru laguntza eskatzeko asmoa du. Lanak bi aste barru despeditu daitezke. Bitartean, Etxarrengo biztanleak Irurtzunera joan behar dute medikuarengana, herrian ez baitute ordezko egoitza egokirik. Lanak despeditu eta gero, atzera ere, sendagileak asteazkenero izanen dira Etxarrenen, 09:00etatik aurrera, herritarren kontsultak hartzeko. PilotalekuaEtxarrengo Kontzejuak, bestalde, Aranburu pilotalekua itxita du. Jakina denez, haizeak teilatuko txapak mugitu eta eraman zituen. Horrek frontoira euria sartzea eta itajurak sortzea ekarri zuen. Triladurako txapen modeloa dagoeneko egiten ez denez, argia pasatzen uzten duten xafla guztiak ordezkatu behar izan zituen Etxarrengo Kontzejuak. Lanak udaberrian egin ziren. Baina, dirudienez, oraindik ere itajuraren bat dago. Hori kontuan izanda kontzejuak frontoia ixtea erabaki du, inor uretan irristatu eta minik ez hartzeko. Euria egiten duenean itajurak non dauden ikusi eta konpontzeko asmoa du kontzejuak.