Musikan ibilbide luzea Altsasuarra musikari lotuta zegoen txiki txikitatik eta makina bat taldeko kide eta kolaboratzaile izan zen. Azken aldian Haize Berriak musika bandan saxofoia jotzen zuen, Altsasuko txistularia zen eta, beste batzuen artean, Iñigo Goikoetxea senarrarekin batera Danbolinzar taldea osatu zuen. Gainera, Zangitu fanfarreko kide zen eta Aitzindari euskal dantza taldearekin hara eta hona ibilia ere, dantzariek dantzatu beharrekoari doinua jartzen eta dantzatzen. Betidanik, talde askotan eta hamaika ekitalditan kolaboratu izan zuen. Horrek guztiak, eta ogibidez irakaslea izan eta txoko batetik bestera ibiltzeak, Euskal Herri osoan ezagun egin zuen. ElkarlanaElkarlana zen beti Estherrek buruan bueltaka zerabilen hitza. Kultur talde ezberdinak elkarlanean aritzeko nahia eta grina zeukan eta hori askotan ikusi ahal izan da bere ibilbideetako emanaldietan. Zer edo zerren ekarpena egiteko eta erakusteko beti prest zegoen eta jendea bere atzetik eramateko dohain berezia zeukan. Omenaldiaren antolatzaileek ere, larunbateko egitasmoa bera elkarlanean aritzeko ariketa sakona bezala ulertzen dute. Estherren urtetako jokabidea goraipatu eta egin dakiokeen omenaldi politena elkarlana egitea dela uste dute antolatzaileek. Elkarlanaren ideia baita Estherrek utzitako arrastoa eta horri segitu nahi izan diote. OmenaldiaAltsasuarrari eginen zaion omenaldian 200 pertsona inguruk parte hartuko dute. Txistuak izanen du garrantzirik handiena eta bere doinuekin zabalduko da emanaldia. Altsasuko txistularien taldeko kide, Urdiainen bizi zenetik hango taldeko kide ere bazen Esther eta ez zuen emanaldi batean ere hutsik egin. Iturmendin irakasle aritua zen. Herriotako txistulariak eta Euskal Herriko beste hainbat txokoetatik etorritakoek parte hartuko dute omenaldian. Musikarekin batera Esther hasieratik Aintzindari dantza taldean aritu zen eta horrek bide emanen du omenaldian dantzariak egotera. Ez bakarrik Altsasuko taldekoak, Sakanako, Beasaingo eta Iruñeko dantzariak ere. Musikara bueltatuz, omenaldian Trasteando taldea ere arituko da. Aurreko gabonetan eskaini zituen emanaldietan Estherrekin elkarlanean aritu baitziren. Elkarlanaren fruitu izan zen ere hainbat dantzarik eta musikarik sortutako Gozategiz blai ikuskizuna. Estherri eta elkarlanaren ideiari omen egiten zaion horretan parte hartuko dute ere Doinu Alaiak akordeoi orkestrak, Euskal Herriko Alardeetako txistulariak eta Mikel Goñi abeslariak. Estherrek bataiatu zuen eta kide izan zen Txorongo txaranga ere omenaldian izanen da, inauteri batzordearekin batera. Kanta, dantzaEsther altsasuarra izan arren Urdiaini oso lotuta egon zen betidanik. Hori ere omenaldian nabarmen geldituko da Altsasu eta Urdiaingo zortzikoaren nahasketa berezi bat ikusteko parada izanen delako. Bestalde, Erkuden Floresek, Itziar Floresek, Erkuden Aldasorok eta Juan Miguel Arzelusek Estherrentzat esanahi berezia zuen kantaita bat eskainiko diote: Urdiango San Juango kantaita. Bestalde, Hator,hator ikuskizuna izanen da, agian, emanaldiko unerik hunkigarriena. Erkudengo Ama abesbatzak eta Enrike Zelaia akordeoilariak musika jarrita bere betiko lagunak izan diren dantzariak hain gustuko zuen Hator, hator dantza eskainiko diote.Haize BerriakHaize Berriak bandako saxofoi jole moduan ezagutu dute askok Esther. Horregatik, bandak bere omenalditxoa egin nahi izan dio eta larunbaterako obra berria prestatu du. Joseph Vicent Egea musikagilearen Variaciones Agur Jaunak interpretatuko du. SarrerakAtzo jarri ziren sarrerak salgai eta gaur eta bihar salduko dira gainontzekoak. Gaur arratsaldeko 18:30etatik 19:30etara egonen dira salgai eta bihar berriz, iluntzeko 20:00etatik aurrera sarrerak agortu arte.