Hiru presoren senideek asteburuan bisita eskubidea urratu izana salatu zuten

Guaixe 2007ko urriaren 25a

GertaerakAsteazkenean azaldutakoaren arabera hauek izan ziren 3 espetxetan gertatu ziren gertaerak. Soto del Real espetxera (444 km-ra) joan ziren larunbatean Juan Ramonen ama, izeba eta koinatu bat. Kartzela barruan zeudela esan zieten ezingo zutela bisitarik egin, etxarriarra espetxez lekualdatzen ari zirelako. Bestelako informaziorik ez zieten eman eta Etxarrirako bidea hartu zuten. Presoak senideak hots egin zituen bisita faltagatik kezkatuta. Funtzionarioek bisitan inor ez zitzaiola joan esan omen zioten. Orduan konturatu ziren funtzionarioak gezurretan ibili zela. Nanterren (911 km-ra) preso dago Oihan Barandalla Goñi. Irailaren 1ean atxilotu zutenetik hartu behar zuen aurreneko bisita izan zen larunbatekoa. Larunbatean gurasoak joan zitzaizkion bisitan preso etxarriarrari. Beharrezko baimena zuten baina ez zieten semea ikusten utzi. Dirudienez espetxeko zuzendariak ez zuen bisita erregistratu eta alferrikakoak izan ziren eskaerak. Valdemoron (520 km-ra) preso dagoen Juan Kruz Aldasoro Jauregiren familiak hura ikusteko aukera izan zuen larunbatean. Baina 5 minutu eskas soilik. Anaia batek azaldu zuenez, Juan Kruzi lagun batek idatzitako ohar bat erakutsi zionean presoa mintzalekutik atera egin zuten funtzionarioek, hori ezin zela egin argudiatuz. SalaketaPrentsa agerraldian izan zirenek presoek bisitarako duten eskubidearen urraketa salatu zuten. Nabarmendu zutenez, "honek guztiak berriro agerian uzten du estatu espainiar eta frantsesak ezartzen duten espetxe politika mendekuan eta gorrotoan oinarritzen dela, eta bai euskal preso politikoen, nahiz hauen senide eta lagunen sufrimendua besterik ez duela helburu". Agerraldian izan zirenak ziurtatu zutenez, "hau seguruenik ez zen gertatuko euskal preso politikoak Euskal Herrian egongo balira eskubide guztien jabe izanik". Eta gehitu zutenez, halakorik berriro ez errepikatzeko "konpromisoak hartzera animatzen dugu jendartea". Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak exijitu zuen "estatuek errepresioaren bide antzua behin betiko bazter dezatela eta konponbide demokratikoaren bidean sar daitezela". Jazotakoa ozen salatzeko, ostiralero 20:00etan, Etxarri Aranazko plazan egiten den bilkuran parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.