Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zeremonia Jose Sarabia Martins kardinalak zuzenduko du. Astelehenean esker oneko zeremoniaren ondoren ekitaldira joan direnak hartuko ditu Aita Santuak. Erromako ekitaldietan Iruñean bizi den Egiarretako domingotarraren familiako kideren bat izanen da. Bestalde, Egiarretan azaoaren 11n, igandearekin, 13:00etan Bernardino zenaren omenezko meza eginen da. Bernardino1903ko maiatzaren 17an jaio zen Egiarretan eta bi egun geroago bataiatu zuten herriko elizan. Sendotza urte hartako lastailaren 18n egin zuen. Gaztetatik erlijiora bideratu zituen bere bizia eta Coriasko komentuan (Cangas de Narcea, Asturias) anai laguntzaile gisa onartua izatea eskatu zuen. Nobiziotza Coriasen eta Salamancan egin zuen. Azken hiri horretan 1931ko garilaren 17an aitormena egin zuen. 1933an Kantabriako Corrales de Buelna udalerriko Las Caldas de Besaya herriko Caldasko Amaren monasteriora bidali zuten. Diotenez ereduzko erlijiosoa zen eta bere bertutea, ontasuna eta obedientziagatik nabarmentzen zen. Hura ezagutu zutenek diotenez oso apala eta maitekorra omen zen. sakramentu txit santuaren oso debozioduna ere ba omen zen eta ahal zuen guztietan haren aurrean egoten omen zen. Monasterioko baratza interesez eta ederki lantzen omen zuen Bernardinok. Espainiako gerra zibilean bera eta beste 8 domingotar (horietako 3 nafarrak ziren) atxilotu zituzten. 1936ko abenduaren 22tik 23rako gauean Santanderko badiara bota eta han ito ziren guztiak. Egiarretakoak 33 urte zituen.