Udalak gatazkarekin zerikusia zuten hainbat mozio aztertu zituen.

Guaixe 2007ko urriaren 31

Sozialistenarekin EAE-ANV ez beste talde guztiak agertu ziren. Erregionalisten mozioak ekintzaileen eta NaBairen abstentzioarekin onartu zen. IUN-NEBak aldeko botoa eman zuen mozioa Nafarroako Parlamentuan aho batez onartu zelako. PresoakBilkura berean Etxerat erakundeak aurkeztuta eta EAE-ANVk bere egindako mozioa ere eztabaidatu zen. Erakunde horrek udalari preso politikoen aldeko konpromisoa eskatu zion. Horrekin batera presoak Euskal Herrian bere eskubideen jabe izateko eskatu zuen besteak beste Etxerat-ek. Alderdi Sozialistak esan zuen ekintzaileek atentatuak salatzen ez dituzten bitartean kontra azalduko direla. Ezker Batuak estatuko preso guztiendako eskubide berak aldarrikatu zituen. NaBaik esan zuen "egoerak gora behera, presoekin egiten dena ezin onartuzko abusua" dela. UPNk, berriz, presoen familiei elkartasuna adierazi zien, baina presoen "jokoa segitzea" leporatu zien. Mozioa NaBai eta EAE-ANVren aldeko botoekin aurrera atera zen. IUN-NEBk abstentzioa eman zuen. Mahaikideen atxiloketaEAE-ANVk Batasunako mahaikideen atxiloketa eta espetxeratzea zela eta mozioa aurkeztu zuen. Ekintzaileendako espetxeratze horiek, beste hainbat gertakarirekin batera, "Euskal Herriari behin baino gehiagotan ukatzen zaion demokraziaren islarik nabariena da". EAE-ANVk esan zuen "une honetan mahai gainean aurkitzen den bakerako proposamen bakarra defendatzeagatik kartzeleratu" dituztela. Mozioa eztabaidatzerakoan PSNk esan zuen azken prozesuan ETA izan zela elkarrizketa eten zuena. Nafarroa Bairendako "justifikaziorik ez duen astakeria da sentsibilitate politiko baten zuzendaritza espetxeratzea". Mozioa aurkezteko egindako analisia ez zela zorrotza eta bake proposamen gehiago izan direla esan zuen koalizioak. NaBaik mozioa puntuka bozkatzea proposatu eta ekintzaileek onartu egin zuten. Hala, bi puntu NaBai eta EAE-ANVren aldeko botoekin onartu ziren. Batetik, Batasunaren mahai nazionalaren kartzeleratzea salatu eta kide guztien askatzea eskatzen zuen puntua eta, bestetik, espainiar estatuari dei egiten ziona elkarrizketaren bideari ekin diezaion, errepresioaren bidea erabat baztertuz. Udalak hartutako erabakia Espainiako Gobernuari eta Espainiako Epaitegi Gorenari bidaltzearen alde EAE-ANV eta NaBaiko bi zinegotzi azaldu ziren. Gatazkaren konponketa elkarrizketa eta Euskal Herriaren eskubideen onarpenaren bidez etorri beharko duela zioen puntuaren alde ekintzaileek eman zioten bakarrik aldeko boza. Bestalde, EAE-ANVk jakin nahi izan zuen zer moduz joan zen udal ordezkarien eta Espainiako Gobernu ordezkariaren arteko bilera, Guardia Civilaren presentziaren ingurukoa. Alkateak jakinarazi zuen bilera bezperan Vicente Ripak etxean jasan zuen erasoak ez zuela gehiegi lagundu. Gobernu ordezkariak presentzia proportzionala izanen zela esan omen zuen.