Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean Migel Angel Zubiria (Mankomunitateko lehendakaria) Castillo Suarez (Mankomunitateko euskara teknikaria), Amaia Gerrikagoitia (Mankomunitateko kirol teknikaria) eta Pello Egaña (Nafarroako Kutxako iparraldeko lehendakaria) prentsa aurrean izan ziren egitasmoaren berri emateko. Kontatu zutenez Eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz haur etorkinendako programak 33.000 euro jaso ditu Nafarroako Kutxako 418 bezerorengandik. Kiroletako proiektu biak aurrera atertzeko, hots, minusbaliatuendako igeriketa ikastaroa eta herri kirolen sustapenerako proiektuak, 60 bezerok igorritako 11.069,90 euroz lagundua izanen da. Diru kantitate horiek 2006 urtean Nafarroako Kutxako bezeroek egindako erabakiari esker batu ziren eta Mankomunitateak 2007 urtean bere proiektuetan xahutzeko aukera dauka. ProiektuakEskolaz kanpoko ekintzak euskaraz haur etorkinendako programa inmigratu duten eta Sakanan bizi diren haurrei zuzendua dago, nahiz eta plazak geratuz gero, inmigratu ez dutenek ere ekintzan parte hartzeko aukera izanen duten. Eskolatik kanpoko ekintzak egiteko aukera eskaintzen zaie, beti ere euskaraz. Normalean A ereduan matrikulatuak egon ohi diren haur horiei euskararen bidez integratzeko eta Sakana ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie. Programa martxan da, jada. Elena Nabarro hezitzaile arbizuarra izanen da koordinazio lanetan eta, gabonetaraino haurrek izena emateko aukera izan arren, dagoeneko Uharte Arakilen, Olazti eta Altsasun taldeak abian jarriko dira. Ekintzak dohainekoak izanen dira. Pertsona minusbaliatuendako igeriketa ikastaroa, jada, martxan dago. 11 pertsona minusbaliatu ari dira Arbizuko kiroldegian igeriketa praktikatzen. Ur eremuan pertsona horiei, beste batzuen artean, sozializatzeko, disfrutatzeko nahiz aktibitate fisikoa egiteko esparru bat eskaintzen zaie. Ikastaroa dohainekoa izateaz gain, Arbizurainoko garraioarengatik ere ez dute ordaindu beharrik. Azkenik, Herri Kirolak sustatzeko programaren aurkezpena egin zen asteartean. Alde batetik, programak ikastetxeetan herri kirolak sustatzeko helburua dauka: Mankomunitatetik unitate didaktikoen banaketa eta difusioa egiten da, material didaktikoa zabaltzen da ikastetxetan, urtean behin Sakanako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasle denak biltzen dituen proba bat egiten da... etab. Bestetik, bailaran dauden sokatira, aizkora eta harri-jasotze eskolei laguntzen zaie aipatutako proiektuaren bidez. Horren haritik, abenduan urtero sakandarren herri kirol eguna ospatu ohi da.